Eneko Bilbaok irabazi du Bizkaiko Giza Proba Txapelketa Nabarnizen
Eneko Bilbao kortezubitarra nagusitu da asteburuan Nabarnizko pilotalekuan erabaki den Bizkaiko Giza Proba Txapelketan. 17 puntugaz irabazi du.

Asteburuan erabaki da Bizkaiko Giza Proba txapelketa Nabarnizko pilotalekuan, eta Eneko Bilbao kortezubitarra nagusitu da. Izan ere, Kortezubiko, Getxoko eta Nabarnizko probetako emaitzak batuz gero, berak eskuratu ditu puntu gehien: 17 puntu.
Nagusitasunez irabazi du Bizkaiko txapela, lurraldeko lehian bigarren geratu den Aitor Etxanizi zazpi puntu atera dizkiolako, eta hirugarren amaitu duen Aitor De la Concepcioni hamabi.
Bost probalari aritu ziren Nabarnizko lehian, arabarrak barne, eta azken proba horretan garaipena eskuratuta lortu du Bizkaiko txapela kortezubitarrak. Guztira, 3 untza eta 6,323 metroko markagaz irabazi zuen.

Eneko Bilbaok irabazi du Bizkaiko Giza Proba Txapelketa. Argazkia: Nabarnizko Udala.
Haren atzetik sailkatu zen Joseba Sanchez arabarra, 3 untza eta 5 metroko marka eginda, eta hirugarrena izan zen Juan Carlos Lopez (Araba), 2 untza, 1/2 eta 1,68 metro eginda. Etxaniz izan zen laugarrena, 2 untza, 3/4 eta 1,09 metroko markagaz, eta, atzetik, De la Concepcionek 2 untza eta 1,79 metro osatu zituen.
Bizkaiko eta Arabako probalarien arteko lehian ere onena izan da kortezubitarra, 17 puntugaz puntu bakarreko aldea atera diolako Sanchezi; 16 puntugaz bigarrena da sailkapenean arabarra. Hirugarren postuna dago Lopez (11 puntu) eta laugarrena da Etxaniz (10 puntu). Horien atzetik, bosgarren postuan dago De la Concepcion bost puntugaz, eta azkena da Bernardo Ureta arabarra; Kortezubin lehiatu zuen arren, ez da aurkeztu Getxoko eta Nabarnizko probetara.