Musikariak hasi dira Santa Zezilia omentzen
Musikarien zaindaria da Zezili Deuna, eta haren omenezko eguna da azaroaren 22a (martitzena). Hala ere, kaleak musikaz betetzen hasi dira Busturialdeko musikariak.

Musikarien zaindaria da Zezili Deuna, eta haren omenezko eguna da azaroaren 22a (martitzena). Hala ere, kaleak musikaz betetzen hasi dira Busturialdeko musikariak. Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleek kontzertua eskaini zuten atzo Lizeo Antzokian, eta Bermeoko Kanta Kanta Lorue taldeko kantuzaleak ere atera ziren herriko kaleak girotzera.
Jai giroan batu ziren atzo Gernika-Lumon. Musika eskolako trikitilariekin hasi zuten emanaldia, eta 19:00etatik aurrera, Lizeo Antzokian, ikasturteko lehen hiruhilekoan ikasitakoak erakutsi zituzten musikariek.
Biolontxelo taldekoak, flauta eta pianoko bikotea, trikitixa taldea eta haize ensemblekoak igo ziren oholtzara, baita gitarra hirukotea eta orkestrako ikasleak ere. Azken horiek Lord of the Rings eta Da Vinci Code filmen soinu bandekin musikatu zuten aretoa.
Bermeotarrak, astelehen, martitzen eta egunean ere aterako dira kalera. Astelehenean, Zezili Deunaren omenez, Arrekatxutxa triki eta pandero taldekoek musikatuko dute Alde zaharra, 19:30ean hasita, eta Zezilia Egunean Bermeoko Abesbatzaren txanda izango da; 20:00etatik aurrera, herriko kaleetatik ibiliko dira kantuan.
Eguenean, koroak eta konboek hartuko diete lekukoa abesbatzekoei, 18:00etan hasita kontzertua eskainiko baitute Irakaskintza kalean.
“Kantatzen duen herriak bizirik dirauelako”, herritarrak gonbidatu dituzte musika emanaldiez gozatzera eta horietan parte hartzera.