Urbietako disgustuari buelta emateko aukera
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Barça Rugbiren kontra jokatuko du domekan, La Teixoneran.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Mailako partidua jokatuko du asteburuan. Kataluniara joko dute: Barça Rugbiren kontra jokatuko dute, La Teixoneran. Aurten Urbietan estreinakoz jokatu ostean helduko diote berriro ligari Eduardo Maidaganen jokalariek. Aurrez aurre edukiko duten taldeari dagokionez, “Ohorezko Mailako indartsuenetakoa” dela adierazi du entrenatzaile gernika-lumotarrak: “Maila handiko taldea da Barça; jokalari nabarmenak dauzka eta, gainera, beren etxean jokatuko dute, etxeko jarraitzaileen aurrean, horrek beregain bakarren zailtasun erantsiagaz”.
Gernika RTk ez zuen bere aurpegirik onena ematerik eduki etxekoen aurrean: porrot mingotsa jasan zuten aurtengo Ohorezko Mailan zuzeneko aurkarietako bat izango den Complutense Cisneros talde madrildarraren kontra, 26-40ko markagailuagaz. Urbietako partiduan, basurdeek aurpegi oldarkorra eta ausarta erakutsi zuten, baina joko aldetik ez ziren txukun aritu. Maidaganek partidu horren “balorazio ezkorra” egin zuen, eta adierazi zuen ez zela batere asebeteta geratu eskuraturiko emaitzagaz. Barça Rugbiren aurkako partidura begira taldeak edukiko dituen helburuak zeintzuk izango diren ere argitu du: “Azken partiduaren ondoren beharrak eginda, ahalik eta aurpegirik duinena ematen saiatuko gara, sailkapenean bizirauteko eta lehian jarraitzeko; puntu bat ekartzea, esate baterako, helburu egokia litzateke”.