Erreka Eguna antolatu dute Urretxindorrakoek, "ingurumena zaintzeko"
"Erreka zaintzeko antolatu dugu, erreka zikin ikusten dugunean garbitu egin behar dela ikusarazteko", azaldu dute antolatzaileek, eta bihar, 10:30ean batzeko hitzordua jarri dute udaletxe aurrean.
Muxikako Urretxindorra Guraso Elkarteak Erreka Eguna antolatu du biharko, eta erreka garbitzera joateko deia egin diete ikasle, guraso zein herritarrei.
Ingurumenaren balioak sustatzeko egun aproposa da biharkoa, “ingurumenaren garrantziaz jabetzeko» aukera eskaintzen dielako gaztetxoei. “Erreka zaintzeko antolatu dugu, erreka zikin ikusten dugunean garbitu egin behar dela ikusarazteko”, azaldu dute. Horrez gain, eskola orduetatik kanpo, herriko umeen “harremanak lantzeko” hitzordua ere bada.
Hori horrela, 10:30etan udaletxe aurreko plazan batzeko hitzordua jarri dute, erreka garbitzera joateko. Zehaztu dutenez, bertan egingo dute eskularru eta poltsa banaketa. “Handik, errekara jaitsiko gara, bakoitzak nahi duen lekura, erreka horrek ur emari txikia daukalako eta bertatik ibiltzea segurua delako. Ikusten dugun zikinkeria batuko dugu”, diote. Gehitu dute erreka inguruko flora eta fauna ezagutzeko ere aprobetxatuko dutela irtenaldia.
Ordubetez ariko dira garbiketa lanekin, eta, ondoren, hamaiketakoa eta jolasetarako tartea hartuko dute. “Errekari buruzko jolasak egingo ditugu, errekako animaliak irudikatuko ditugu, besteren artean”. Halaber, batutako gauza bakoitza zein edukiontzitara bota behar den ere azalduko dute. 13:00etan amaituko dute jardunaldia.