Miarritzen ikus daitezke Gernika-Lumoko jaiak iragarri dituzten kartelak
Gernika-Lumoko jaiak iragartzeko erabili izan diren kartelak ikus daitezke Miarritzeko 'Kartelak' erakusketan.
1930 eta 2010 artean egindako euskal kartel grafikoen Kartelak erakusketa jarri dute ikusgai Miarritzeko San Eugenio kriptan, eta, erakusketa horretan, Gernika-Lumoko jaiak iragartzeko erabili izan diren kartelak ikus daitezke.
Bildumaren sortzaileek diotenez, Euskal Herrian “saihestezinak” dira jaiak, “hirietako bizitza markatzen dutelako urtean zehar, jendea bilduz eta eiskal nortasuna eratuz”. Hain zuzen ere, jaiak “lurraldearen kultura aztarna eta biztanleen harrotasuna” direla azaldu dute.
Kartelak izeneko erakusketak ohore egiten die jaiei, Euskal Herriko kultur etxe, liburutegi zein udaletxeetako artxiboetako kartel sortekin. Erakusketan, kartelen ohiko grafikoak eta denboran zehar izan duten bilakaera eta aurrerapen teknologikoak nabarmentzen dira; formak, tipografia, estilo grafikoa… “Denboran zehar egiten den benetako bidaia da bildumak proposatzen duena, atzoko grafikoak eta gaurko grafikoak bitarteko”.