Hasiera zaila eta garaipen garrantzitsua
Lointek Gernika Bizkaiak 66-54 irabazi dio Movistar Estudiantesi, Malosten, EuroCup Women txapelketako hirugarren jardunaldiko partiduan. Anna Montañanaren neskek partiduari buelta ematen eta maila handia erakusten jakin zuten, neurriko aurkariaren kontra.
Lointek Gernika Bizkaiak 66-54 irabazi zuen atzo, Malosten, EuroCup Women txapelketako multzokako faseko hirugarren jardunaldiko partidua. Garaipen horregaz, urrats oso esanguratsua egin zuen Gernika-Lumoko taldeak, pehiaketako hurrengo fasera igarotzeko bidean. Gainera, Anna Montañana entrenatzaile valentziarraren jokalariek partiduari buelta ematen jakin zuten, lehen erdian Movistar Estudiantes nagusi izan baitzen; jokalaririk azpimarragarrienak Itziar Ariztimuño eta Julie Wojta izan ziren.
Partiduaren hasieran, Lointekek Estudiantesen jokalari birengan ipini zuen arreta: Nadia Fingall eta Billie Massey. Biek ala biek erasoaldietan sor zezaketen mehatxuaren aurrean, Gernikaren apustua hiruko jaurtiketetan oinarritu zen, eta ardatz horretan Brooque Williams estatubatuarra gako izan zen: bi jaurtiketa saskiratu zituen, markagailua 8-5era eroateko. Sandra Igerabideren lesioa zela eta, Itziar Ariztimuñok hartu zuen taldearen lidergoa, eta partiduan sortu ziren egoerak maisuki kudeatu zituen bilbotarrak. Lehen laurdena ia berdinduta amaitu zuten: 17-18. Bigarrenean, Estudianteseko Maria Erauncetamurgilek hartu zuen protagonismoa, partidu bikaina eginez. Defentsan eta saskipean egin zituen ekarpenek partiduko errentarik handiena eman zioten Estudiantesi, 15. minutuan: 20-26.
Pauso bat aurrera. Montañanak partidua iraultzeko saiakera egin zuen: Ariztimuño, Williams eta Rosó Buch kataluniarra kantxaratu zituen. Dena dela, talde gernika-lumotarrari sendotasuna falta izan zitzaion defentsan, eta eraginkortasuna erasoan; 3-12ko partzialagaz, 17. minutuan, 20-30eraino aldendu zitzaien markagailua. Orduan, Ariztimuñok eta Andrijana Cvitkovicek urrats bat eman zuten aurrera, partiduaren lehian atzera sartzeko itxaropenari heltzeko. Hamar puntuko aldeagaz joan ziren aldageletara: 26-36.
Atsedenaldiaren ondoren, Lointeken mailak gora egin zuen, eta Estudianteseko entrenatzaile David Gallego hutsartea eskatzera behartu zuten, 34-38koagaz. Markagailuari buelta emateko saiakerak behin eta berriro errepikatu ziren, eta Malosteko ikusleek igarri egin zuten hori: taldeari egundoko berotasuna eta indarra eman zioten. Laura Spreaficok eta Wojtak ekarpen handiak egin zituzten, eta markagailua irauli zuten: 48-42. Estudiantesek, bere aldetik, hainbat urrats egin zituen. Bazegoen motiborik esperantzarako.
Azken laurdenean, Wojtaren eta Ariztimuñoren jokoak gora eta gora baino ez zuen egin. Estudiantesek defentsa lerro sendoa antolatu zuen, baina ez zen nahikoa izan, besteak beste, Cvitkovic nahiz Gabija Meskonyte geldiarazteko; aldea hamar puntutik gora kokatu zen Lointeken alde, eta, 66-54koagaz, Montañanarenek EuroCup Women txapelketako hurrengo faserako sailkapena eskuratu zuten.
Lo, min hartuta. Bestalde, Lointekek aditzera eman du Nogaye Lo pibotari ebakuntza egin beharko diotela, eskumako belaunean dituen arazoei konponbidea emateko. Bihar, artroskopia egingo diote mallorcarrari; itzulerako datarik ez dute aurreratu taldetik, eta jokalariaren berreskurapenaren eboluzioari itxarongo diote.