Berriatua eta Markina-Xemeinen artean egongo da Bizkaiko binakako kluben artekoa
Barikuan Bizkaiko binakako kluben arteko XXXII. zesta-punta txapelketako finalak lehiatuko dituzte Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Lau kategoriatako finalak egongo dira, eta finalista guztiak Markina-Xemein edota Berriatuko taldeetakoak izango dira.
Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuak hartuko du bihar Bizkaiko binakako kluben arteko zesta-punta txapelketaren XXXII. aldia. Irailean hasi zuten lehiaketa, eta garaipena bi herriren artean egongo da: Markina-Xemein eta Berriatua. Horiek dira, hain zuzen ere, kategoria guztietako finalak jokatuko dituztenak. Finaletatik kanpo geratu diren gainontzeko klubak Gernika Jai Alai, Durangoko Ezkurdi eta Lekeitioko Akarregi dira.
17:30etan ipiniko dute abian egitaraua, eta ateak 17:00etan zabalduko dituzte. Egitaraua lau finalez osatuta egongo da: lehenik eta behin, emakumezkoen gazte mailakoek jokatuko dute; jarraian, gizonezkoen kadete mailakoak eta bigarren mailako nagusiak kantxaratuko dira, hurrenez hurren; egitaraua gizonezkoen profesional mailakoek osatuko dute. Lehen partiduan Berriatua A eta Markina ariko dira: talde berriatuarreko finalistak Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal izango dira, eta markina-xemeindarrak, ostera, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi. Gizonezkoen kadete mailan Berriatuarrek beteko dute finala: Denis Alberdik eta Xabier Galdosek osatutako Berriatua B taldeak Orkatz Uribesalgok eta Aratz Goikoetxeak osaturikoaren aurka ariko da.
Berdintasuna espero da. Nagusien bigarren mailari dagokionez, Markina-Xemeingoak izango dira nagusi: lehen finalista bikotea, Markina B taldea, Javier Urrutiak eta Jon Mandiolak osatuko dute; bestea, Markina C, Martin Ormaetxeak eta Danel Mandiolak. Azken partiduan, profesional mailakoan, Berriatua Ako Antxon Alberdi eta Roberto Lekue Markina Ako Alex Goitia eta Ion Ibarluzearen kontra neurtuko dira. Antolatzaileen arabera, partidu guztiak “oso parekatuak eta lehiatuak izatea” aurreikusten da, pilotaren maila “benetan handia” delako: “Emakumezkoen, gizonezkoen kadete mailakoen eta bigarren mailako nagusien partiduak oso-oso estuak izango dira”. Lehen mailakoen artean, baina, berriatuarrak, Alberdi eta Lekue, “faborito sendoxeagoak” direla azaldu dute, ligaxkako partidu guztiak irabazi baitituzte. “Hori bai, azken urte bietan ere hautagai izan dira, baina ez dute irabazterik lortu”, argitu dute.
Biharko partiduetarako sarrera librea izango da, eta Jai Alaiko harmailak ikuslez betetzea espero dute antolakuntza lantaldetik: “Berriatutik eta Markina-Xemeindik jendea hurreratuko da seguru, baina, seguru asko, Gernika-Lumoko ikusleak ere bertaratuko dira”.