Ibarrean kooperatibismoa sustatzeko jardunaldia antolatu du Lanbide Ekimenak Zentroak
Industrialdearen lehiakortaasuna eta jasangarritasuna bultzatu gura dituzte proiektuarekin. Enpresen arteko lankidetza dinamikak ezartzeko jardunaldi bat antolatu du martitzenerako, Elai Alai aretoan.
Lanbide Ekimenak Zentroaren helburua da enpresen eraldaketa bultzatzea eta euren epe luzerako biziraupena bermatzea, egungo ingurunea “aldakorra, lehikorra eta haustura” handia duena baita. Horregatik, 100 enpresa baino gehiago dituen Gernika-Lumoko Ibarreko industrialdearen enpresa erradiografia egiten ari da, haren egoeraren argazki eguneratua lortzeko eta beharrak, arazoak eta gabeziak identifikatzeko.
Hala, enpresen arteko lankidetza dinamikak ezartzeko eta enpresa-asoziazionismoak hainbat laguntza programetan parte hartu ahal izateko abantailei buruz informatzeko, jardunaldi bat antolatu du martitzenean, Elai Alai aretoan, 09:30etik 11:00etara bitartean. Bertan, Bizkaiko Foru Aldundiko zenbait teknikari izango dira hizlari, eta zuzenean azalduko dizkiete tokiko enpresei industrialdeetarako gaur egun dauden laguntzak.
Hiru fasetan.
Proiektua hiru fasetan garatzen ari da. Horietako bi eginda daude dagoeneko: enpresa sarearen prospekzioa eta taldeko ekintza plana. Orain, hirugarrenean ari dira lanean, eta hitzaldia antolatu dute horretarako.
Ekimen honen helburu nagusietako bat industrialdeko enpresak bilduko dituen elkarte bat sortzea da, ondoren kudeaketa plan bat egin eta aldundiaren laguntza jaso ahal izateko, “industrialdeen modernizazioa eta egokitzapena bultzatze aldera”.
Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundutako proiektua da garatzen ari direna, Eskualdeko lehiakortasuna bultzatzea programaren bidez, eta urte amaierarako bukatuta egotea eta 2023an lanean jarraitu ahal izatea aurreikusi dute.