Gernika SDk Leganesen kontra ezustekoa ematea bilatuko du, zapatuan
Zapatuan, Gernika SDk Errege Kopako kanporaketa jokatuko du, 18:00etan hasita, Urbietan. Bigarren mailako taldea izango du aurrez aurre: Leganes. Partidu bakarreko kanporaketa izango da.
Gernika SDk zita berezia eta esanguratsua edukiko du zapatuan, 18:00etatik aurrera, Urbietan: Errege Kopako partidua jokatuko dute Leganes talde madrildarraren kontra, etxeko ikusleen aurrean. Zuzeneko kanporaketa izango da, partidu bakarrekoa, kategoria bi gorago jokatzen duen aurkariaren aurka, Leganes Bigarren Mailan jokatzen dabilen taldea baita. “Arerio gogorra” topatuko dutela azaldu du Koldo Berasaluze kapitainak: “Maila aldetik, gu baino gehiago direla dirudi; dena dela, Urbieta lako zelaiguneetan jokatzea izugarri kostatu ohi zaie tankera horretako taldeei, ez dire batere eroso aritzen tamaina eta ezaugarri horietako guneetan, eta hori geure alde balia dezakegu”.
Berasaluze: “Leganesen tankerako taldeei izugarri kostatu ohi zaie Urbieta lako zelaiguneetan jokatzea”
Era berean, partidua zapatuan izatea ere alde dutela nabarmendu du Berasaluzek. Izan ere, Errege Kopako partiduak, oro har, aste bitartean izaten dira, eta horrek mesede egiten die lantalde handia duten taldeei: “Azken batean, jokalari asko dituztenek zelanbaiteko sakontasuna izan ohi dute aste berean ligako eta Errege Kopako partidua jokatzeko. Zapatuan jokatuta, baina, denbora gehiago eduki dugu joan den asteburuko ligako partidutik berreskuratzeko eta Leganesen kontrakoa ganoraz prestatzeko”. Prestakuntza horretan “benetan lagungarriak” izan dira Aitor Larrazabal eta Gorka Iraizoz, hurrenez hurren, lehen eta bigarren entrenatzaileak. “Biek ala biek oso ondo ezagutzen dute Errege Kopa, eskarmentu handia dute lehiaketa horretan, eta presioa kudeatzeko laguntza handia eman dio lantalde osoari; zentzu horretan lasaitasun eta jakintza handia transmititu digute”.
Opari zaporeko partidua. Leganesen kontrako lehenengo kanporaketa hori “oparia” dela argitu du kapitainak. “Iazko merezimenduei esker” eskuratu dute Errege Kopan aritzeko aukera eta lehiaketa horretako partidua “ikasteko baina batez ere gozatzeko” aprobetxatuko dutela aurreratu du: “Aitortu behar da Errege Kopa bezalako goi-mailako txapelketa batean jokatzeko aukera ez dela egunero suertatzen. Horrenbestez, esperientzia hori ahal bezainbeste zukutzea eta disfrutatzea izango da geure lehen helburua; hortik aurrera, ikusi beharko da Leganes estualdian ipini dezakegun, ezustekoa emateko”. Dena dela, argi eta garbi du taldearen lehendabiziko jomuga liga dela.
Berasaluze: “Leganesen kontrako kanporaketa iazko denboraldiko merezimenduengatik jasotako oparia da guretzat”
Gernika SD ez da ailegatuko sasoirik onenean, Berasaluzeren arabera: “RFEF 2. mailako sailkapeneko zuloan gaude, azken eta azken-aurren postuen artean lehian. Jokatu ditugun hamar jardunaldietan partidu bi irabazi ditugu, eta launa berdindu eta galdu“. Dena dela, taldekoek ez itxaropenari eusten diote. “Lehen postuan dagoen taldetik taularen erdialdean daudenetaraino lau puntuko aldea baino ez dago, beraz, partidu bi irabazita atzera lehian sartzeko aukera dago. Denboraldia oso luzea da, eta gora egin dezakegula uste dut, hasiera oso gaitza izan den arren”, azaldu du kapitainak.