Garaipen sendoa, unerik beharrezkoenean
Lointek Gernika Bizkaiak 80-62 irabazi zu Emakumezkoen Endesa Ligako seigarren jardunaldiko partidua, Malosten, Spar Gran Canariaren aurka. Kanariarrek gauzak zaildu arren, Lointekek amaiera eman dio azken partiduetako porroten bilakabideari, eta etxekoen aurrean garaipen garrantzitsua lortu du.
Azken bost partiduetan lau porroteko uzta jaso ondoren, Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldea etxeko ikusleen aurrean irabazteko eta, are gehiago, itxura ona erakusteko eginbeharragaz iritsi zen Emakumezkoen Endesa Ligako seigarren jardunaldiko partidura. Aurkari sendoa eduki zuen aurrez aurre Malosten, zapatuan: Spar Gran Canaria. Talde kanariarrekoek ez zizkieten gauzak erraz ipini Gernika-Lumokoei, eta partiduko lehiakortasun maila handia horren erakusle izan zen, batez ere, beren defentsa lan bikainei esker.
Lointek Gernika Bizkaiak partiduan oso sartuta eta ikusleen berotasunak lagunduta ipini zuen abian zapatuko norgehiagoka garrantzitsua. Lehendabiziko minututik, partiduaren ardura guztia beren lepotan: jokoaren erritmo bizkorra erakutsi zuten, gogor antolatu zuten defentsa, eta erasoaldietan ausart agertu ziren. Spar Gran Canariako lantaldetik Koné eta Hollyvay izan ziren jokalaririk nabarmenenak, baina Silvak eta Wojtak irmotasunez eutsi zieten bien jokaldiei. Era berean, Chanel Mokango bere lehen minutuak eduki zituen Malosten.
Lointekek estrategikoki jokatu zuen zenbait unetan: asmatu zuten baloiak lapurtzen eta kontraerasora jotzen; horrela iritsi ziren lehenengo laurdenean 17-8 eta 21-10 aurretik joatera. Nagusitasun hori tarteko, talde bisitariko entrenatzaileak, José Carlos Ramosek, hutsartea eskatu behar izan zuen. Ostean, Cvitkovicek hiruko jaurtiketa bat saskiratu zuen, 24-10ekoa lortzeko; jarraian, Itziar Ariztimuñok lehen laurdeneko azken txanpan aldea marduldu zuen, 26-11raino. Lointekek, oro har, itxura oso txukuna erakutsi zuen lehen aldian.
Bigarren laurdenean, Spar Gran Canariak etxeko taldeak zeukan baloiaren zirkulazioa hausteko saiakera egin zuen. Horretarako, jokoa bloketatu zuten, eta Gernikari ez zioten horma horretan arrakalak irekitzen utzi. Markagailuak blokeo zurrun hori erakutsi zuen lehen hiru minutuetan: denbora tarte horretako markagailu partziala 0-1ekoa izan zen. Berriro erritmoa hartzeko eta puntuak egiteko helburuagaz, Anna Montañana entrenatzaile valentziarrak aldaketak egin zituen formazioan: Laura Spreafico, Julie Wojta eta Sandra Igerabide kantxaratu zituen.
Kanpoaldeko jaurtiketak zukutu zituzten jokoan murgildu berri zeuden jokalari horiek, Kanariarietako taldea berriro estutuz. Aldi horretan, Lointekekoak ez ziren oso trebe ibili denfentsan, baina erasoan erakutsi zuten goi mailak defentsako gabeziak ezkutatu zituzten, eta markagailuak atzera etxekoen aldeko nagusitasun handia erakutsi zuen: 29-20. Minutuen poderioz, bisitariak beren intereseko taktiken bila aritu ziren; jokoan trabak ipini zizkieten etxekoei, eta, pixkanaka-pixkanaka, puntuak egiten joan ziren, 34-32ra iritsi arte. Azkenean, 36-35ko markagailuagaz joan ziren aldageletara bi taldeak.
Bigarren zati sendoa. Atsedenalditik bueltan, Lointekek aurrerapausoa egin zuen partiduan. Ideia argiagoekin, maila handia erakutsi zuten erasoaldietan. Besteren artean, Julie Wojta eta Brooque Williams izan ziren etxeko taldeari lasaitasuna eman zioten jokalariak, aldea 44-36ra eroanez. Garaipenerako bidea argi eta garbi zeukan Gernikak, baina, beste behin, kanariarrek menderatzeko talde benetan gaitza direla frogatu zuten, besteak beste, jokoaren ardura beregain hartu zuen Holesinskagaz. Txekiarraren saiakerei, ostera, maila handiagaz erantzun zien Montañanaren bostekoak: Igerabidek, Spreaficok, Williamsek, Wojtak eta Silvak.
Bost jokalariek bikain ulertu zuten elkar jokoan: erasoan sendo, kontraerasoan eraginkor, eta kanpoaldeko jaurtiketetan ziurtasunez. Horrek guztiorrek 56-41eko markagailuara eroan zuen etxeko taldea, eta ikusleek izugarri gozatu zuten beren jokalariek erakutsitako mailaz. Lointekentzat partiduko unerik gozoenak izan ziren, eta Spar Gran Canariak ezer gutxi egin ahal izan zuen joko horren aurrean.
Azken laurdenean kanariarrek partidua iraultzeko azkenengo saiakera egin zuten, baina 67-55ekoagaz Lointekek azken eraso sorta kaleratu, eta partidua poltsikoratzea ziurtatu zuen: Rosó Buch kataluniarra, Ariztimuño, Igerabide eta Cvitkovic nagusi agertu ziren, eta nahieran eroan zuten aldea hogei puntutik gora: 76-55. Azken minutuetan Madalen Idiri harrobiko jokalariak debuta egin zuen; gainera, puntuak ere egin zituen. 80-62koagaz, Lointekek garaipen landua, borrokatua eta taldearen kemenarentzat garrantzitsua eskuratu zuen.
Partiduko eragozpen bakarra Sandra Igerabideren lesioa izan zen. Igerabidek eskumako eskuko lehen atzamarra apurtu zuen Spar Gran Canariaren aurkakoan, eta taldetik aurreratu dute ebakuntza egin beharko diotela. Lesioaren eboluzioaren zain egongo da Lointekeko antolatzailea, eta, beraz, ez dute itzulera datarik zehaztu.