Xabier Irazabal Basabe da EAJren alkategaia Gernika-Lumon
"Ilusioz beteta" dagoela adierazi du, "erronka erraldoiari heltzeko prest". Ziurtatu du bere helburua dela alkatetza talde jeltzalearentzat berreskuratzea.
Xabier Irazabal Basabe da EAJk Gernika-Lumoko alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia; beraz, gaur egun udal gobernua osatzen duen koalizioa –Euzko Abertzaleak eta EAJ– ez da batera aurkeztuko 2019-2023 agintaldirako. Irazabal da alderdiak alkategia izateko proposatutako izen bakarra EAJko Uri Buru Batzarrak abian jarritako barne prozesuan. Hala erabaki zuten Gernika-Lumoko jeltzaleek atzo bertan ospatutako prozesuaren lehen batzarrean.
Barne prozesua amaitzear dagoela, Gernika-Lumoko EAJk dio “herritar ezaguna” eta “hautagai bikaina” dela Irazabal. Hurrengo asteetan zerrendaburu izendatuko dute, eta “ilusioz beteta” dagoela adierazi du, “erronka erraldoiari heltzeko prest”. Hain zuzen ere, ziurtatu du bere helburua dela alkatetza talde jeltzalearentzat berreskuratzea.
“Garai bat amaitzera doa Gernika-Lumon eta etapa berri bat hastera goaz”, adierazi dute alderdi jeltzalekoek. Jakinarazi dute lantalde “berritua” aurkeztuko dutela, “indarberrituta” dagoena eta “ideia berriak” dituena.
Hala, Irazabalek dio udalerria “bizileku atsegin” bihurtzeko lan egingo dutela: “Egin beharreko lanak egingo ditugu gure udalerria bizileku atsegina izateko, bizitzeko eta hazteko toki egokia izateko, alegia. Gernika-Lumok eta gure eskualdeak behar dituzten proiektuak berreskuratu eta bultzatuko ditugu, urteotan bertan behera egon direnak”.
EAJk nabarmendu du Irazabalek “ondo” ezagutzen dituela udal administrazioak, Artea eta Arantzazuko udaletako idazkaria eta artekaria izan delako azken 22 urteetan. Alkateorde eta ogasun ziengotzi ere izan zen foru hiribilduan agintaldi batean.
Zuzenbide Ekonomikoan lizentziaduna da, Hirigintzan diplomatua, eta Ogasun eta Finantza Publikoen masterra eginda dauka.