Esan eta egin: Barandika eta Lekerikaren lehen kolpea mahai gainean
Xabier Barandikak eta Unai Lekerikak Jai Alai Winter Series irabazteko hautagaietako batzuk direla frogatu dute, Aritz Erkiaga eta Jon Zabala menpean hartuz. Urriko Azken Astelehenean, Jai Alai lepo beteta egon da, eta hirugarren setean 4-4ko markagailuagaz egon ostean erabaki da partidua.
Xabier Barandikak eta Unai Lekerikak erakustaldi handia eman zuten atzo, etxean, Jai Alai pilotalekuan. Maila handiko garaipena poltsikoratu zuten bi gernika-lumotarrek Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketako lehendabiziko jardunaldian. Eusko Label Winter Series izena eman zioten lehiaketako lehen egunari, jardunaldi horren garrantziaren erakusle. Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko bikoteak torneoaren garaileak eduki zituen aurrez aurre: Aritz Erkiaga aurrelari ispastertarra eta Jon Bullet Zabala atzelari markina-xemeindarra.
Barandikak eta Lekerikak arantza atera zuten atzoko partiduan. Izan ere, Erkiaga eta Zabala topatu zituzten txapelketako azken aldiko finalean. Alderdi psikologikotik, etxeko pilotariak indartuta heldu ziren frontoira: beren burua aurtengo ekitaldia irabazteko hautagai nagusi legez ikusten dutela adierazi zuten, eta aurreikuspen horren lehenengo urratsa egin dute, behintzat. Dena dela, ez zen ogibide erraza izan bientzat, Erkiagak eta Zabalak gauzak izugarri zaildu zizkietelako; hain zuzen, berdinketa haustean erabaki zen partidua
Partidua aurkezpen ekitaldiaren ondoren ipini zuten abian. Ekitalde horretan, baina, aurtengo txapelketan parte hartuko duten puntista denak atera ziren kantxara, jesarleku denak beteta eta sarrera guztiak salduta ageri zen Jai Alai katedralaren aurrean. Jarraian, iluntzeko lau protagonistek jaso zituzten ikusleen aditasuna eta berotasuna. Partiduaren lehen txanpan berdintasuna nagusitu zen eta ez zen bereziki distiratsua izan. Lehen zati hartako unerik bikainena Erkiagak alboz eta barrurantza egindako tantoa izan zen. Aipagarria izan zen, era berean, Zabalak pilotalekuaren atzealdeko koadroetan egindako behar handia, Erkiagak aurrealdean jokoaren ardura hartu eta tantoak amaitzeko. Atzelariak ez zuen igarri garaipena defendatu beharraren presiorik, eta laguntza handia eman zion munduko txapeldun izendatu berri den Erkiagari.
Gernika-lumotarrak, beren aldetik, ez ziren txarto aritu hasieran, baina jokoan zurrunago ibili ziren. Lehen seteko azken zatian, ostera, Barandikak kateak apurtu, eta hainbat tanto egin zituen, bikote urdinaren konfiantzarako; Lekerikak jokoari eutsi eta eutsi baino ez zion egin, ziurtasunagaz eta konpromisoagaz, eta Barandikak gehiago arriskatu zuen. Set horretan 13-6 behetik joan ondoren, 15-10 galdu zuten. Beraz, emaitzak lagundu ez arren, sentsazioak ez ziren guztiz desegokiak gerora partidua irabaziko zuen bikotearentzat.