Udalerriko ondarearen argazkiz beteko dute 2023ko egutegia
Udalerriko ondarea erretratatu beharko dute bizilagunek, eta azaroaren 11 aurretik aurkeztu beharko dituzte lanak.
Martxan dago Muxika, Gorozika eta Ibarruriko argazki lehiaketak. Aurten, udalerriko ondarea erretratatu beharko dute bizilagunek, azaroaren 11 aurretik.
Parte hartzaileek bi kategoriatan banatuta parte hartuko dute: 16 urtera artekoak eta 16 urtetik gorakoak. Bakoitzak gehienez sei argazki aurkeztu ahalko ditu, edozein teknika eta koloretan. Hala ere, JPG formatuan eta ahalik eta kalitate handienean aurkezteko eskatu dute.
Parte hartu gura dutenek Zubieta Errotako liburutegian utzi beharko dituzte argazkiak, USB batean eroanda, edota liburutegia@muxikakoudala.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte. Argazkiak aurkezterakoan, egilearen izen-abizenak eta harremanetarako datuak jarri beharko dituzte parte hartzaileek, baita argazkia noiz eta non ateratakoa den ere.
Sariak.
Argazki lehiaketaren sariak kategorien araberakoak izango dira. Nagusien lehiaketan hiru sari banatuko dituzte: lehiaketako argazki onena, lehiaketako bilduma onena eta muxikarren argazki onena. Irabazleek bi lagunentzako bisita gidatua jasoko dute saritzat, Ibarruriko Magunako Lapazaran upategian txakoli eta pintxo ezberdinen dastaketarekin.
Gaztetxoen artean, berriz, argazki onenaren sari bakarra banatuko dute, eta, irabazleak argazkilaritzako materiala erosteko 100 euroko txartela eskuratuko du.
Zehaztu dutenez, jasoko dituzten argazkiak Muxikako argazki artxiboaren parte izango dira: “Lehiaketara aurkeztutako lanak Muxikako Udalaren eskuetan geratuko dira, eta berak izango ditu eskubide guztiak, beti ere, egilearen izen-abizenak aipatuz”. Izan ere, horiekin osatuko da 2022ko egutegia, egilearen izena eta abizenak aipatuz.
Argazki guztiekin, gainera, erakusketa jarriko dute Zubieta Errotako aretoan.