Teknologia arloko Start Up bat sortzeko enpresa ideiarik onena ere sarituko dute aurten
Martxan dago Busturialdeko IX. Enpresa Ideia Lehiaketa, eta eskualdeko ekintzaileek azaroaren 18ko 14:00etara arteko epea dute euren lanak aurkezteko. Lau sari emango dira aurten, eta kategoria guztien artean 7.000 euro banatuko dituzte.
Bederatzigarren urtez, eskualdeko gazte ekintzaileen ideiak sarituko ditu Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketak. Aurreko urteetan modura, lehiaketaren helburuak dira kultura ekintzailea sustatzea, enplegua eta aberastasuna sortzea, Busturialdeko garapen ekonomikoa bultzatzea eta enpresa proiektu onenak saritzea.
Hori horrela, guztira lau sari banatuko dituzte. Enpresa proiekturik onenak 3.000 euroko saria jasoko du, eta bigarren sariak, berriz, 2.000 eurokoa. Lehen sektoreagaz zerikusia duen ideiarik onenak 1.000 euro jasoko ditu, eta, aurten lehenengoz, teknologia arloko Start Up bat sortzeko edo garatzeko enpresa ideiarik onena ere sarituko dute 1.000 eurogaz.
Lehenengo eta bigarren sarituei, gainera, urtebetez Arratzuko Elkartegian doan lan egiteko aukera eskainiko zaie. Era berean, Torrealday Aholkularitzak doako aholkularitza zerbitzua –fiskala, lanekoa eta kontabilitatekoa– emango dio irabazleari urtebetez, eta bigarren sarituari, berriz, sei hilabetez.
Eskualdeko 18 eta 35 urte bitarteko gazte ekintzaileek azaroaren 18ko 14:00etara arteko epea dute euren lanak lehiaketara aurkezteko.Horretarako, izena emateko fitxa, sustatzailearen datuak jaso behar dituen dokumentua eta bete beharreko balduntza guztiak jasotzen dituzten oinarriak Gaztedi Busturialdearen webgunean daude eskuragarri.
Hain zuzen ere, lehiaketa honetan parte har dezakete negozio ideia bat duten eta hori bultzatzeko gaitasuna duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edo gazte taldeek, betiere enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Zehaztu dute zerbitzu edo produktu bat sortzeko ideiak aurkez daitezkeela, baita 2022an sortutako enpresak ere, betiere eskualdean kokatzen badira.
Sari banaketa ekitaldia abenduan egingo dutela aurreratu dute, nahiz eta data zehatza oraindik zehaztu gabe egon.
Aurreko zortzi edizioetan lortutako arrakastaren ondoren, Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen gazteria zerbitzuak bederatzigarren lehiaketa antolatzea erabaki dute aurtengoan ere, aldundiarekin batera, Lana bilatzea, Lana da programaren barruan.