Zabaldu dute Urriko Azken Asteleheneko azoka
09:00etan zabaldu dute urriko azoka nagusia, eta 15:00ak bitartean izango da zer saldu eta zer erosi Gernika-Lumon. Bertaratutakoek hamaika postu ikusteko eta dastatzeko aukera dute gaur, eta jende mugimendua nabaria da lehen orduetatik. Taloa edo bestelako pintxoak prestatzen ere badabiltza dagoeneko txosnetako kideak. Guztira, 293 postu jarri dituzte udalerriko kaleetan zehar.
Ailegatu da eguna. Bi urteren ostean, Urriko Azken Asteleheneko postuak zabaldu dituzte baserritarrek eta artisauek. Hala, 15:00ak bitartean, zabalik egongo diren azokako 293 postuetan badago zer saldu eta zer erosi; artisau eta gazta postuak izango dira presentzia handiena izango dutenak.
Kaleetako postuen banaketari dagokionez, Artekalen, Domingo Alegrian, Industria kalean, Juan Calzadan, Pasealekuan eta San Juanen egongo dira.
Goizetik hasi da jendea hurbiltzen Gernika-Lumora. Ordubete bat daroa azokak zabalik, eta jende mugimendua nabaritzen da dagoeneko. Hala ere, eguerdirako espero da jende gehien; 2019an egin zen azkenengoz azoka, eta orduko hartan, 110.000 pertsonaren aterpe izan zen udalerria.
Bertaratutakoek hamaika postu ikusteko eta dastatzeko aukera dute gaur. Dastatzen eta erosten ere badabil jendea, eta taloa edo bestelako pintxoak prestatzen dabiltza dagoeneko txosnetako kideak.
Eguerdian. bertsolariek alaituko dute erdigunea. Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso igoko dira oholtza gainera, 12:00etan, eta jarraian hasiko da sari banaketa. Izan ere, baserritarren lana aitortzeko lekua ere izaten da urriko azoka nagusia. Ohi modura, barazki, lore, fruta, txakolin, gazta eta eztirik onenak sarituko dituzte 13:00etan.
13:30ak aldera hasita egingo dute jende gehien batzen duen ekimena: gazta enkantea. Beste urte batez, irabazlearen eta bigarren onenaren gazta erdiak eramango dituzte enkantera. 2019ko gazta gozoena Aguiñiga gaztandegiko gazta izan zen, eta 6.600 eurotan erosi zuen Nafarroako Zoko Patxaranak.
Gazta- dastaketan honako profesional ospetsuek parte hartuko dute: Jose Miguel Olazabalaga, Aizian eta Melia Bilbao jatetxeetakoa; Beñat Ormaetxea, Jauregui Barria jatetxekoa; Daniel Garcia, Zortziko jatetxekoa; Ricardo Perez, Yandiola jatetxekoa; Sergio Ortiz del Zarate; Zigor Iturrieta, Txoriene jatetxekoa; Javier Garcia, Boroa jatetxekoa; Joseba Uribarri euskal aktorea eta Ana Martin enologoa.
Arratsaldean, giroak ez du etenik edukiko. Musika festa antolatu dute Astran, eta 17:00etatik aurrera kulturaren fabrika sozialera bertaratzen direnek Dj Little Martin Selektah, Pary & Tiza, Tzerriz eta Gorriontxu Ta Laztana entzuteko aukera izango dute.
Winter Series.
Lehen sektoreko azoka nagusian, kirolak ere bere tartea edukiko du. Izan ere, Jai Alai Winter Series txapelketari hasiera emango diote Gernika-Lumoko pilotaren katedralean. Lehen edizioko txapeldunak izan ziren Aritz Erkiaga eta Jon Bullet Zabala, Unai Lekerika eta Xabier Barandika etxeko puntisten kontra neurtuko dira, maila handiko partidu batean. Sarrerak agortuta daude, eta ikuskizuna espero da Jai Alain.