Udalerriko kirol taldeen lana aitortu du Gernika-Lumoko Udalak
Kirol taldeek "ilusioa eta errespetua" bermatzen dituztela adierazi du alkateak, eta balio horiek herriko txikiei irakasten dizkietela gehitu du: "Jarraitu dezatela horrela, betiko ilusio eta errespetuagaz".
Inguruetako herritarrak ez ezik, euskal erakundeetako agintariak ere hurbildu dira gaur Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenera, eta Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak hartu ditu udaletxean.
EH Bilduko, EAJko zein beste talde politikoetako ordezkariak elkartu dira goizean udaletxean, eta alderdi bateko zein besteko politikariei harrera egin die alkateak. “Guretzako egun handia da gaurkoa, eta zuek gurekin egotea poztekoa da. Dakizuenez, urte osoan egiten da nekazal azoka Merkatu plazan, baina gaurkoa egun berezia da, herria plaza bihurtzen delako. Gauzak aldatu dira, baina jaiak aurrera darrai, ilusioz eta poztasunez”.
Eta gaurko eguna udalerriko kirol taldeen lana aitortzeko aprobetxatu du alkateak, izan ere, horietako asko azokan parte hartzen ari dira: “Kirolak berebiziko garrantzia dauka udalerrian. 17.100 herritar gara, eta era guztietako diziplinak praktikatzen dira. Lointek Gernika Bizkaia lehen mailan dago, nazioarteko Eurocup txapelketan lehiatzen. Gernika RT estatu mailako lehen mailan ari da jokatzen eta zesta puntak ere berebiziko garrantzia dauka. Zeresanik ez, futbolak, atletismoak, pilotak edota txirrindularitza taldeek Gernikan duten presentzioarekin. Eskertzekoa da egiten duzuen lana”.
Kirol taldeek “ilusioa eta errespetua” bermatzen dituztela adierazi du alkateak, eta balio horiek herriko txikiei irakasten dizkietela gehitu du: “Oso garrantzitsua da hori. Jarraitu dezatela horrela, betiko ilusio eta errespetuagaz, ze hori ona da denontzako. Zuen lanagaz Gernikako gazteek kirola egiten dute, eta horrek osasuna esan gura du”.