Nekazariei eta abeltzainei babesa adierazi die Tapiak
Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuak Gernika-Lumoko Urriko Azken Asteleheneko azoka bisitatu du, eta Jaurlaritzaren asmoa dela lehengaien hornidura bermatzea adierazi du.
Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehena “egun garrantzitsua” da nekazari eta abeltzainentzako, euren ekoizpena erakusteko eta saltzeko. Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuak nekazarien errealitatea “gogorra” dela adierazi du: “Ekoizpen kostuak modu esanguratsuan gehituz doaz, animaliak elikatzeko lehengaien prezioek eta energiaren nahiz erregaien prezioek ere gora egin dute. Ukrainaren inbasioaren ondoren, gure nekazariek arazo gehiago dituzte, eta energiaren prezioak nabarmen igo dira”.
Azpimarratzekoa da azken urtean ongarrien prezioak bataz beste 2,24 biderkatu direla, pentsuen bataz besteko prezioa % 20 igo dela, eta, gasolinarena, berriz, % 83; elektrizitateak % 74 egin du gora. Lehengaiak urriak direla dio, eta horiek bermatzea “ezinbestekoa” dela adierazi du sailburuak, “abereak elikatzeko”.
Tapiak dio egoera iraultzeko asmoz, Jaurlaritzak “neurriak hartu” dituela, nekazari eta abeltzainei laguntzeko asmoz: “Gure baliabide propioekin hasi ginen laguntzak eskaintzen, ia 2 milioi euro jarri genituelako. Gero, Ukrainako inbasoaren ostean, 14 milioi bideratu genituen, batez ere haragietako abereentzako eta beste nekazaritza produktuak diruz laguntzeko”. Lehorteagatik artoa ere falta zitzaien nekazariei, eta Tapiak gogorarazi du artoa 12 milia tona arto ekarri zituztela Kanadatik.
“Orain, abereak elikatzen jarraitu behar dugu, eta horretarako ia beste 2 milioi euro jarri ditugu, abereei elikadura ez faltatzeko”, azaldu du sailburuak. Dioenez, abereak desagertuz gero, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako “nekazal sektorea gainbeheran” egongo da: “Beraz, gaurko eguna garrantzitsua da baserritarrei, nekazariei eta abeltzainei babesa emateko, eta eurei adierazteko egiten duten lana garrantzitsua dela kalitatezko eta bertako elikadura bermatzeko”.