Minutuen zama, markagailuan nabari: Lointeken porrota Gironan
Lointek Gernika Bizkaiak Spar Gironaren kontrako partidua galdu du Fontajaun. Lehen minutuetan maila handia erakutsi arren, Gironak partiduari buelta eman zion, eta Lointek 65-49ko markagailuagaz menderatu du. Hurrengo partidua Malosten jokatuko du Lointekek; EuroCup Women txapelketaren barruan. Umana Reyer Venezia taldea hartuko dute.
Lointek Gernika Bizkaiak 65-49 galdu zuen Spar Uni Gironaren kontra galdu zuen Fontajau kantxan, Emakumezkoen Endesa Ligako bosgarren jardunaldiko partiduan. Aurkari sendoa topatu zuten lehendabiziko minutuetatik Anna Montañanaren jokalariek: lehiaketako lidertzan daude, jokatutako partidu denak irabazi dituzte, eta ligako talderik sendoena dira. Entrenatzaile valentziarrak ohiko boskotea kantxaratu zuen partiduaren hasieran, eta formazio horren hautaketak lehendabiziko minutuetatik fruitua eman zuen: Lointek 4-12 aurreratu ziren markagailuan. Partidu hasiera horretan, besteak beste, Sandra Igerabide nabarmendu zen.
Gernikak aurpegia erakutsi zion Gironari, eta azken horrek ohiko estrategiari eutsi zion, bere jokoa kantxako puntu zehatz batzuetan oinarritzea, horietatik abiatuz min egiteko. Baloiak erdialdetik kanporantza egiten zuen bakoitzero, Binta Drammeh eta Rebeka Gardner moduko jokalariak nabarmentzen ziren, hala nola, urruneko jaurtiketetan. Markagailuak berdintasuna erakutsi zuen lehen laurdenean, eta bazirudien Gernikaren plana ondo abiatu zela: 11-17.
Plan hori argi eta garbi edukitzea, hain zuzen ere, zutabe izan zen Lointekentzat. Jokalari denak seguru agertu ziren uneoro, eta konponbidea topatu zioten partiduan suertatu zitzaien edozein egoera arriskutsuri. Kataluniarrek, beren aldetik, arazoak eduki zituzten erasoaldiak antolatzerakoan, eta kostatu egin zitzaien partiduaren erritmora egokitzea. Dena dela, defentsa lanak sendotzeagaz batera, norgehiagokan sartuz joan ziren, eta kontraerasoak baliatu zituzten puntuak poltsikoratzeko eta 20-19koagaz markagailua iraultzeko.
Azken partiduetako dinamiketan bezalaxe, minutuek aurrera egin ahala, Lointeken mailak eta transmititzen zuen irudiak behera egin zuen Gironan. Hiruko jaurtiketa bat saskiratu zuen Maria Araujok, etxekoak 25-19 aurreratuz; Gardnerrek aldea handitu egin zuen. Bederatzi minututan, Lointekekoek puntu bi baino ez zituzten lotu, eta 27-22ko markagailuagaz joan ziren aldageletara.
Beherakada. Atsedenaldiaren ondoren, Spar Gironak baloiak barnealdera bidali zituen atzera, Lointeki inguru horretatik min egiteko. Montañanarenek, ladiz, Laura Spreafico baliatu zuten, 32-24koagaz, partiduari eutsi ahal izateko. Dena dela, Binta Drammeh agertu zen orduantxe, beharbada, ligako egungo jokalaririk sasoikoena. Drammehek aldea hamar punturaino eroan zuen. Oro har, Gironaren distantzia luzeko jaurtiketek kaltetu zuten gehien Lointek; 51-34 amaitu zuten hirugarren laurdena.
Puntuazio horregaz eta laugarren laurdena hasteagaz batera, hain zuzen, partiduko markagailua blokeatu egin zen. Aldi horretako lehendabiziko hiru minutuetan bi taldeetako bat ere ez zen gai izan markagailuan puntuak egiteko. Azken txanpan, Gernikakoek erasoaldietan arriskatzeari ekin zioten, eta horrek defentsa lerroak zaurgarri geratzea ekarri zuen. Gironak ez zuen aukera alferrik galdu, eta defentsako zulo horiek aprobetxatu zituen, azken minutuetan hainbat puntu eskuratzeko. Azkenean, ligako talderik sendoenak garaipen borrokatua baina, era berean, nahiko erosoa poltsikoratu zuen etxean: 65-49.
Chanel Mokangoren debuta. Gironaren kontrako partiduko alderik itxaropentsuena Lointek Gernika Bizkaiaren azken fitxaketa, Chanel Mokango pibot kongotarra, kantxan jokatzen ikustea izan zen. Mokango, hain zuzen, taldeko protagonistetako bat izan zen, batez ere, jokaldiak amaitzerakoan eta betiere saskiratzeei dagokienez. Keyona Hayes taldetik atera eta Nogaye Lok lmin hartu ostean, taldearen barneladeko jokoa indartzeko helburuagaz iritsi da Mokango Malostera. Gainera, Emakumezkoen Endesa Liga oso ondo ezagutzen du Kongokoak; Leganesen, Zamaraten edota Campus Prometen jokatu izan baitu. Horrez gain, liga turkiarreko jokalari azpimarragarrienetako bat ere izandakoa da Mokango: liga horretako Elazig taldeagaz batezbesteko 5,9 puntu eta 8,8 errebote egindakoa da.
Partiduen zurrunbiloak aurrera darrai Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Emakumezkoen Endesa Ligako eta EuroCup Women txapelketako norgehiagokak uztartzen ari dira denboraldi hadieran, eta horrek partidu karga handia edukitzea ekarri die. Hurrengo partidua eguaztenean jokatuko dute, etxean, Umana Reyer Venezia taldearen kontra. Italiarrak EuroCup Womeneko H multzoko taldeetako bat dira. Multzokako faseko bigarren partidua izango da Montañanarenentzat, eta “irabazteko asmoz” kantxaratuko dira, Rutronik Stars Keltern talde alemaniarraren kontra 69-73 irabazi ondoren.