Pablo Gonzalezen "berehalako askatasuna" eskatu du Ibarrangeluko Udalak
Kazetari elantxobetarraren berehalako askatasuna exijitzen duen adierazpen instituzionala aho batez onartu du Ibarrangeluko Udalak. Dokumentuaren bidez, udalak behin-behineko espetxealdia "neurriz kanpo" erabiltzearen ondorioz kazetaria jasaten ari den egoerarekiko kezka agertu du.
Ibarrangeluko Udalak Pablo Gonzalez kazetariaren egoera salatzen duen eta haren berehalako askatasuna exijitzen duen adierazpen instituzionala onartu zuen, aho batez, joan zen barikuan egindako osoko bilkuran.
Poloniako zerbitzu sekretuek kazetari elantxobetarra atxilotu zutenetik 200 egun baino gehiago igaro dira, eta prebentziozko espetxealdian jarraitzen du, “atzerriko indar batentzat espioitza lanak egitea egotzita”. Isolamenduan dago Rzeszoweko espetxean, eta dagoeneko Przemylgo auzitegiak bi aldiz luzatu du kazetariaren behin behineko espetxealdia; azkena urriaren amaierara arte.
Espioitza salaketaz gain, ez dira ezagutzera eman baieztapen horri eusteko dauden frogak, ezta zigorra behin eta berriz luzatzeko arrazoiak ere. Gainera, Gonzalezen konfiantzazko abokatuen jarduerari ezartzen zaizkion “oztopoak” salatu dituzte adierazpen instituzionalean, “ezin dutelako kausaren dokumentazioa eskuratu”.
Ondorioz, Poloniak “giza eskubideen” aurkako jarrera duela jaso dute: “Giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketa horren aurrean, herrien subiranotasuna eta bakea defendatzen dugunok demokrazia, justizia eta prentsa askatasuna ere defendatu behar ditugu”. Horregatik guztiagatik Ibarrangeluko Udalak berretsi eta bere egin du Eusko Legebiltzarrak 2022ko maiatzaren 26an egindako adierazpena.
Eskaerak.
Dokumentuaren bidez, udalak behin-behineko espetxealdia “neurriz kanpo” erabiltzearen ondorioz kazetaria jasaten ari den egoerarekiko kezka agertu du; izan ere, adierazpenean jaso dute Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 47. artikuluan ezarritakoa “urratzen” duela Poloniak.
Gainera, dokumentuagaz, udalak bere desadostasuna agertu du Poloniako auzitegiaren erabakiagaz, eta Poloniako agintarien aurrean aldarrikatzen du Gonzalezen “eskubideak errespetatzeko”, eta “prozesu honetan jassandako eskubide urraketei” amaiera emango dien prozesura baliatzeko.
Gonzalezen atxiloketa eta espetxeratzea prentsa eta informazio askatasunarentzat “albiste txarra” dela ere diote, eta, hori, “oinarrizko bermeetako bat da gizarte aske eta demokratikoetan”. Horregatik guztiagatik, Ibarrageluko Udalak “bidegabekeria krudel hori amaitzeko” eta Gonzalez “berehala aske” uzteko eskatu du.