Lurgorriko eta Institutuko gauetako tren zerbitzua eskatzeko agerraldia egingo dute
Lurgorriko eta Institutuko tren geltokietako zerbitzua gauez ere bermatzeko eskatu die Itaiak Euskotreni eta udalari. Ez dute erantzunik jaso, eta agerraldia egingo dute domekan, 17:00etan, udaletxe aurrean.
Gauetan, Gernika-Lumoko hiru tren geltokietatik batean bakarrik geratzen da trena, Geralekuan, eta etxera oinez egin beharreko ibilbidea luzatzeak “babesgabetasun egoera handitzen” duela salatu du Busturialdeko Itaiak behin baino gehiagotan. Hori dela eta, Lurgorriko eta Institutuko geltokietako zerbitzua indartzeko eta bermatzeko eskatu die Itaiak Euskotreni eta Gernika-Lumoko Udalari. Ez dute erantzunik jaso, eta eskaera aldarrikatzeko agerraldia egingo dute domekan, 17:00etan, udaletxe aurrean.
“Ekainetik daramagu gauetako zerbitzua bermatzeko eskaria egiten. Guztira lauzpabost eskari sartu ditugu udalean zein Euskotrenen, eta Gernika-Lumoko Udaleko osoko bilkuran parte hartzeko edo bilera bat egiteko hainbat saiakera egin ditugu”, azaldu dute Itaiako kideek.
Hilabete hauetan, gainera, eskaera indartzeko sinadura bilketa jarri dute martxan, eta 2.000 sinadura baino gehiago batu dituzte, eta udalerriko 40 tabernak baino gehiagok egin dute bat sinadura bilketagaz.
Baina udalaren jarrera “guztiz pasiboa” izan dela salatu dute, ez dutelako erantzunik jaso. “Argi geratu da instituzio zein alderdi instituzionalek aurpegi garbiketarako erabiltzen dutela berdintasuna, eskari hau bermatzeko baliabideak badaudelako”, adierazi dute.
Hala, emakumeen interesak defendatzeko helburuz, Itaiakoek uste dute emakume langileen antolakuntza independientea garatzea “beharrezkoa” dela. Ondorioz, herritarrei domekako agerraldian parte hartzeko deia egin diete.