Azpeitia ezagutuko dute 89 nabarniztarrek
Burdinbidearen Euskal Museoa bisitatuko dute, lehenengo, eta lurrunezko trenean ibiliko dira, gero.
Nabarniztik Azpeitira joateko ibilbidea antolatu du zapaturako Nabarnizko Udalak, eta 89 herritarrek izena eman dute. Pandemia aurreko urteetan urtero antolatzen zuten irteeraren bat, eta aurten, egun osoko jardunaldia berreskuratu dute.
Nabarniztarrak 09:00etan aterako dira Elizaldetik, eta Oleskon bizilagunak batzeko geldialdia egin eta gero, Azpeitiara joango dira. Bertan, Burdinbidearen Euskal Museoa bisitatuko dute, lehenengo, eta lurrunezko trenean ibiliko dira, gero.
Azpeitiko geltokia trenaren iraganera salto egiteko lekua da. Izan ere, bisitariek bertan aurkituko dituzten objektuekin trenbidearen iragana eta oraina bereizi ahal izango dituzte. Trenbideen azpiegitura eta lanbideak ezagutuko dituzte, tren makinak bereiziko dituzte eta kotxetegiak bisitatuko dituzte. “Zaragozako tranbiak, Donostiako trolebusak eta Bilboko tranbiei esker hiriko garraioa ezagutuko dute bertaratzen direnek”, azaldu dute museoko ordezkariek. Gero, Urolako trenbidearen tailer mekanikoan sartuko dira, eta, azkenik, transformazioko zentral zaharraz eta kolekzioa osatzen duten trenbidearen elementuez gozatuko dute.
Museoa bisitatu eta gero, denboran atzera egingo dute berriro. Izan ere, ehun urtetik gorako lurrunezko tren makina batean igoko dira, eta Urolako haraneko paisaiaz gozatuko dute.
Bisita gidatuak eginda, Azpeitia ezagutzeko aukera izango dute nabarniztarrek, eta iluntzean itzuliko dira herrira.