Eibar-Nabarniz mendi ibilaldia, zapatuan
46. Eibar-Nabarniz mendi ibilaldia egingo dute zapatuan. 29 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute, Eibar eta Nabarniz artean. Ostean, bazkaria egingo dute.
Zapatuan Eibar-Nabarniz mendi martxaren 46. ekitaldia egingo dute. Athletic Nabarniz lagunarteak antolatu du ibilaldia, eta 29 kilometro inguruko tartea izango du, Eibar eta Nabarniz lotuz. Gaur-gaurkoz, 10 lagun inguruk eman dute izena, eta epea bihar artekoa da. Izen ematearen prezioa 10 euroko da, eta 655700652 telefono zenbakira deituta egin daiteke.
06:00etan hasiko dute eguna parte-hartzaileek: Nabarnizko autobus geltokian edukiko dute hitzordua, Eibar eta Ermua arteko mugara abiatzeko; bidean, geldialdia egingo dute Gernika-Lumon, bertan bizi direnak batzeko. 07:00ak aldera ekingo diote ibilaldiari. Behin bi udalerriak bereizten dituten artea eginik, Nabarnizko Aboitiz jatetxean elkartuko dira parte-hartzaileak, senideak nahiz Athletic Nabarniz lagunarteko beteranoak, bazkaritarako; azken horiek izan ziren, hain zuzen ere, Eibar-Nabarniz ibilaldia egiten lehendabizikoak. Bazkarirako, 20 lagun baino gehiagok eman dute izena, eta epea barikura bitartekoa izango da.