Vallecas, Xixili Torneoko garailea
Vallecas taldeak irabazi du Xixili Torneoa, asteburuan. Madrildarrak nagusi izan dira hainbat kategoriatan. Jai Alai pilotalekua jendez lepo egon da, eta 430 gimnasta inguruk parte hartu dute.
Zapatuan egin zuten, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, 24. Xixili Torneoa, izen bereko gimnastika erritmikoko klubak antolaturik. 430 gimnasta inguruk parte hartu zuten egun osoko egitarauan, eta Vallecas talde madrildarrak poltsikoratu zuen txapelketako garaipena. Urtero legez, Vallecasek hainbat talde eroan zituen lehiaketara, eta kategoria guztietan ordezkaritza oparoa izan zuen. Horrek, hain zuzen ere, garaipenerako bidea argitu zien madrildarrei. Azkenean, Kadete M, Gazte A eta Senior M mailetan gaildendu ziren; horrez gain, bigarren postuan amaitu zuten alebin, kadete T eta lehen mailetan; hirugarren postua ere eskuratu zuten, gazte S mailan.
Vallecasen ostean, Santutxu izan zen bigarrena, eta podiuma madrildarren bigarren taldeak osatu zuen. Xixilikoei dagokienez, klubetik adierazi dute torneoan edukitako “presentziagaz” eta jasotako emaitzekin “oso pozik” daudela, eta taldeak “bere maila handia” erakutsi zuela azaldu dute. Laugarren postuan sailkaturiko Ipuruaren ondoren, bosgarren eta seigarren postuan amaitu zuten, hurrenez hurren, Xixili Handiak eta Xixili Txikiak klubeko bi taldeek.
Antolatzaileak “oso pozik” agertu dira txapelketak zapatuan edukiriko harreragaz: “Jai Alai ikuslez goraino bete zen, eta hori albiste oso pozgarria da guretzat; egitarauak espero genuen bezalaxe egin zuen aurrera, eta jadanik datorren urteko edizioari begira gabiltza”. Hurrengo urtean, hain zuzen, Xixili taldeak bere 25. urteurrena beteko du, eta zerbait “oso berezia” egitea dute buruan kideek: “Oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zer egingo dugun hurrengo urtean, baina asteburu osoko txapelketa egitea da ideia”.
Burgelun irabazle. Bestalde, Xixili klubeko partaideak domekan Araban egon ziren lehiatzen, Bagare txapelketan. Emaitza bikaina poltsikoratu zuten: Xixili Handiak taldeak garaipena eskuratu zuen, Santutxuren eta Ipuruaren aurretik. Bakarkako beharretan ere goiko kotan ibili ziren: Ane Axpe alebina bigarrena izan zen; Naia Arrazua kadetea, ostera, laugarrena.