Arrauna eta jai giroa uztartuta Mundakan
Mundakan batu dira gaur arraunlari beteranoak; 350 arraunlari inguru daude gaurko egunaz gozatzen. Eguerdian lehiatu dute Beteranoen III. Bandera, eta Tiranek irabazi du. Mundakako trainerua laugarren sailkatu da.
Mundakak hartu du gaur hirugarren Arraunlari Beteranoen Topaketa; 350 arraunlari inguru batu dira gaur. Arrauna eta jai giroa uztartuta, “oso ondo” pasatzen ari dira bertaratutako guztiak. Giro ezin hobea dago gaur Mundakako kaleetatik. Eguerdian eman diote hasiera topaketari. 12:30ean lehiatu dute Beteranoen III. Bandera. Hamabost traineruk lehiatu dute, eta Tiranek egin du denborarik onena (13.07,96). Hala, Galiziara joan da beteranoen bandera. Bisonteak, berriz, laugarren sailkatu dira.
“Pozik” dago Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia bere sorterrian. Arraunlari Beteranoen Topaketa “ikusgarria” dela aipatu du: “Arraunak aukera ugari ematen ditu, eta gurea da oso. Bizkaian gaude, kanpotik etortzen dira, ezagutu egiten gaituztee. Konbinazio ezin hobea da topaketa. Guzti horrengatik pozik nago”. Mota horretako topaketa gehiago egin behar direla uste du Rementeriak.
Mundakako alkate Irati Gondra jai giroan sartuta ere badago gaur; herriko fanfarreagaz txistua jotzen ere ibili da kalez-kale. Mundaka arraunagaz eta kirolagaz “oso lotuta” dagoen herria dela dio: “Beteranoek aurrera jarraitzen dute kirolagaz, eta kirola garrantzitsua dela erakusten dute. Nahiz eta nagusiak izan, kirola egiteko aukerak badaudela erakusten dute”. Gaur, Mundakan, jai giro “osasuntsua” dagoela nabarmendu du alkateak: “Eurekin egotea garrantzitsua da, eta herriarentzako garrantzitsua da mota horretako topaketa bat hartzea”. Bandera etxean geratu ez bada ere, “pozik” zegoen Gondra, “hurrengo batean izango dela” nabarmenduta.
Erramon traineruko Jose Luis Uriarte arraunlariak esan du uretara ateratzen direla beti “ondo pasatzera”. Gaurkoan, gainera, topaketarako “eguraldi aproposa” atera dela nabarmendu du, “itsaso ona ere egonda”. Beteranoen III. Bandera irabazi ez badute ere, esprint modalitateko lehiaketaren zain zeuden; 17:00etan uretara bueltatu ziren. “Edozer gertatu daiteke. Goizean laugarren geratu gara baina arratsaldean irabazi dezakegu. Ilusioa ezin dezakegu galdu”, esan du Uriartek eguerdiko lehiaren ostean. Esprintetan, Tiranek eta Mundakak jokatu zuten finala, eta arratsaldeko lehia ere galiziarrentzat izan da.
Antolaketa lanak “ondo” joan direla azaldu du: “Jende asko gaude, eta denok ibili gara lanean gogotsu. Modu horretan gauzak gura barik ere ateratzen dira. Gauza polita da, eta lanean bagaude ere, disfrutatzen ere bagabiltza”.
Sokatira erakustaldia ere egon da, 19:30ean hasita. Erakustaldiaren amaieran sokatira klubeko tiratzaileen eta Arraunlari Beteranoen Topaketan parte hartzen ari diren arraunlarien arteko desafioa egin da, eta horretan bai etxekoak, mundakarrak izan dira garaileak. Musika ere ez da faltako, jardunaldiari amaiera emateko kontzertu bat antolatu dute 22:30ean.
SAILKAPENA:
- 1.- Tiran: 13.07,96
- 2.- Bilbo: 13.08,52
- 3.- Esteirana: 13.15,52
- 4.- Mundaka: 13.21,19
- 5.- Santurtzi: 13.25,25
- 6.- Alacant: 13.25,99
- 7.– Cambrils: 13.35,66
- 8.- Plentzia: 13.37,39
- 9.- Iberia: 13.51,63
- 10.- Zumaia: 14.00,57
- 11.- Badok 13: 14.05,62
- 12.- Ibaialde: 14.22,63
- 13.- Getxo: 14.24,19
- 14.- Sestao: 14.36,63
- 15.- Aizburua: 14.58,13