Xabier Aransolo: "Lumoko kronoigoerako errekorraren bila itzuliko naiz"
Xabier Aransolo txirrindulari gernika-lumotarrak afizionatu mailako lehenengo urtea amaitu berri du Grupo Eulen-Jira Bira taldeagaz. Bi zatitan banatu behar izan du aurtengo denboraldia, lepauztaiko lesio bat tarteko.
Nor da Xabier Aransolo?
Bere lagunen oso laguna den norbait, eta, batez ere, gura duenagatik gogor borroka egiten duena: zerbait nahi dudanean, beharrezkoa den guztia egitendut, hori lortzeko. Txirrindulari modura, profil erasokorra eta, oro har, beharrerako borondate handia ditudala esango nuke.
Lehen urtea egin duzu afizionatu mailan. Zein irakurketa egiten duzu?
Zorigaiztoko urtea izan den arren, pozik eta harro amaitu dut. Grupo Eulen-Jira Bira taldeagaz igo naiz kategoriaz, eta estreinako urtea izan da afizionatu mailan.
Salto handia igarri duzu?
Bai, maila bera ere oso handia baita. Euskal Herrian, oro har, egundoko maila dago afizionatuetan; horregatik etortzen dira Espainiako bazter guztietatik hona, txirrindulari bezala doitzera. Zentzu horretan, gazte mailatik afizionatuetara badago aldea, bai.
Zein txapelketetan lehiatu duzu?
Lehendakari eta Euskaldun lehiaketak uztartu ditut; horiez gain, Landetako, Zamorako eta Extremadurako Itzulietan ere ibili naiz.
Zein balantze egiten duzu?
Oso indartsu hasi nuen denboraldia, baina Ereñoko lasterketan, martxo inguruan, eroriko gogorra eduki nuen, eta lepauztaia apurtu nuen. Handik aurrera, izugarri kostatu zitzaidan lesiotik berreskuratzea eta sasoi puntu duin batera iristea. Ekainera arte ez nintzen guztiz errekuperatu. Ordutik aurrera, sumatu nuen jendearen maila behera egiten hasita zegoela eta nirea, lehiatu barik egona nintzenez, hazten zebilela. Adibidez, Baranbioko proban, denboraldiko azkenengoetako batean, eguneko ihesaldian sartzea lortu nuen, eta ia helmugaraino iritsi nintzen.
Urtea labur egin al zaizu?
Berez, ez. Kontua da nik hiruzpalau hilabetez baino ez dudala lehiatu. Ereñoko istripuaren ondoren, bigarrenez eraiki behar izan nuen gorputzaldi gailur hori, eta horrek eman zizkidan lanik handienak. Hori bai, tartean ez nuen lehiatzerik izan, eta horrek freskura eman zidan hanketan. Freskotasun horri udako lehiaketen erritmoa gehituta, denboraldia dezente ondo amaitu ahal izan dut.
Zelan lehiatzea gustatzen zaizu?
Ahal izanez gero, erasora jotzea atsegin dut. Gorroto dut tropelean ezer egin barik lehiatzea. Ibilbideei dagokienez, gorabeheratsuak izatea gustatzen zait, nire esplosibitatea, indarra, pisua eta oldarkortasuna erakusteko.
Eta zer hobetu beharko duzu hurrengo denboraldirako?
Mendate luzeetan urrats bat aurrera egin gura dut datorren urtean; horrek pisu aldetik arina izatea eskatzen du nahitaez. Horrenbestez, pisuari buelta bat ematea izango da datorren denboraldirako erronka nagusia.
Zelako taldea da Grupo Eulen-Jira Bira?
Maila handikoa, baina, era berean, oso etxekoia. Benetan gustura nago bertan. David Etxebarria Tatxu-ren bitartez ailegatu nintzen talde horretara; bera da, hain zuzen ere, kirol zuzendaria. Gazte mailan ezagutu nuen lehenengoz taldea: zenbait entrenamendu saio egin nituen afizionatuekin. Egia da beste talde batzuk ere neure atzetik ibili zirela, baina kideen arteko hurbiltasunak asko erakarri ninduen, eta taldeko ateak parez pare ireki zizkidaten.
“Mendate luzeetan urrats bat aurrera egin gura dut datorren urtean”
Zelako zuzendaria da Etxebarria?
Gogorra da, baina ulerkorra ere bai. Orain autoan doan arren, txirrindularia izandakoa da, eta goi-mailakoa, gainera; beraz, badaki errepidean sufritzea zer den, badaki zer sentitzen dugun. Seguru asko, ezagutzen ditudan pertsonetatik txirrindularitzaz gehien dakiena bera da.
Urte hasieran ezarritako jomugak bete al dituzu?
Ikastea, maila berrira egokitzea eta taldeari laguntzea eduki nituen helburu, eta horiek bete ditut. Lehiatu ditudan lasterketa apurretan maila politean ibili naiz, oraindik hobetzeko asko dudala igarri arren. Zentzu horretan, bidea daukat egiteko.
Eta datorren urteko helburuei begira?
Nire mailan pauso bat gora egin gura dut. Denboraldia oraintxe amaitu dugu, eta ez dut taldeagaz berbarik egin oraindik, baina zenbait lasterketa lehiatzera ateratzearen ardura sentitu gura nuke datorren urtean.
Profesionaletan lehiatzea hurre ikusten duzu?
Gaur-gaurkoz, ametsa besterik ez da. Horretan pentsatzeari ez diot denborarik eskaintzen. Afizionatuetatik profesionalismora jauzia oso nekeza da bai maila aldetik, bai horretarako aukera aldetik. Gainera, talde profesional baten filialean egon ezean, are gaitzagoa da saltoa egitea.
Gainera, geroz eta gazteago pasatzen dira orain profesionaletara eta geroz eta gazteago irabazten dituzte lasterketak.
Oro har, kirol guztietan pasatzen ari den zerbait dela esango nuke. Txirrindularitzan, esaterako, gazte mailan jadanik profesional bizimodua daukate askok: wattioekin entrenatzen dute, prestatzailea daukate, nutrizioa jagoten dute, egituratutako egutegia jarraitzen dute… Lehen, profesionaletako edota afizionatuetako lehen urtean ikasi besterik ez zen egiten, inongo presio barik; orain, aldiz, txirrindulari gazteek lasterketak irabazteko ahalmenagaz egiten dute kategoria igoera, aurretiaz urteak baitaramatzate profesionalak bezala prestatzen. Horrek beregain dakarren presioa itzela da, eta sarritan buru arazoak ere sorrarazten ditu. Horregatik uste dut berdin diola 20 edota 25 urtegaz profesionaletara pasatzea, osasun mentala zaintzearren baldin bada.
“Gorroto dut tropelean ezer egin barik lehiatzea; erasokorra naiz”
Erreferenterik badaukazu?
Gernika-Lumo inguruko txirrindulariontzat Pello Bilbao ispilu bikaina da. Dena dela, aitortu behar dut umetatik jarraitu dudan ziklista Beñat Intxausti dela. Gainera, biak ala biak ezagutzeko aukera izan dut: Pellogaz sarritan entrenatzen dut eta Intxausti afizionatu mailako talde bateko zuzendari lanetan dabil.
Zelan ikusten duzu txirrindularitzarekiko jarraipena inguruan?
Busturia eta Gernikesa talde lehiakor modura desagertu ostean, txirrindulariak babesleku barik geratu ziren, Urdaibai Txirrindulari Eskola sortu zen arte. Egundoko lana egiten ari dira, Busturialdean txirrindularitza bultzatuz. Afizionatuetan, ingurukoek ez dute jarraituko. Profesionalei dagokienez, maila handiko izenak daude: Pello Bilbao, Ander Okamika, Jon Barrenetxea, Txomin Juaristi eta abar.
Lumora kronoigoerako garailea zara. Nola bizi izan zenuen?
Irteera orduko, zulatua izan nuen, eta arineketan etxera joan behar izan nintzen, beste gurpil baten bila. Ozta-ozta iritsi nintzen irteerara. Behin aterata, esfortzu laburra denez, topera egin nuen, eta irabazteaz gain, ia-ia Ekaitz Lejarzegiren errekorra gainditu nuen, zoru bustiagaz, gainera.
Errekorraren bila bueltatuko zara?
Bai, inongo zalantza barik. Entrenatzen froga bat egin nuen astebete lehenago, eta denbora hobetzea lortu nuen. Beraz, errekorraren bila itzuliko naiz, seguru.