Jai Alai Winter Series: Sendotuta eta pilotari nahiz partidu gehiagogaz
Jai Alai Winter Series txapelketa aurkeztu dute gaur, Mundakan. Zortzi bikote, hamasei jardunaldi eta lau hilabeteko iraupena edukiko ditu aurtengo edizioak. Urriko Azken Astelehenean abiatuko dute lehiaketa. Aritz Erkiaga eta Jon Zabala iazko garaileez gain, Unai Lekerika, Xabier Barandika eta Diego Beaskoetxea gernika-lumotarrek jokatuko dute.
Iaz, lehendabiziko aldian erantzun paregabea jaso ostean, are sendoago eta luzeago dator Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketaren bigarren edizioa. Bigarren urtez, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuak zesta-puntaren egungo izarrak hartuko ditu, Aritz Erkiaga ispastertarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren testigua nortzuek hartuko ikusteko. Pilotari kopurua handituko dute: sei bikotetik zortzira pasatuko dira. Ondorioz, lehiaketako partidu kopurua ere hazi egingo da, iaz baino ia norgehiagoka bikoitza egongo baitira: hamasei jardunaldi edukiko ditu, urriaren 31 eta otsailaren 19a bitartean. Iazko bi hilabeteetatik, beraz, laura igaroko da.
Gaur egin dute, Mundakako Santa Katalina ermitako zelaigunean, aurtengo Winter Series txapelketaren aurkezpen agerraldi ofiziala. Bertan egon dira jokatuko duten hamasei puntistak eta antolatzaile nahiz babesleak, denak Unai Narbarte aurkezle ofizialak gidatuta. Era berean, Mundakako alkate Irati Gondra eta Euskara, Kultura eta Kirol Foru diputate Lorea Bilbao ere aurkezpenean egon dira. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, aurtengo Winter Seriesen jomuga nagusiak “iazko edizioa gainditzea” eta “zesta-puntarentzako espazio berriak bilatzea” izango dira. Zentzu horretan, puntista gazteei atea zabaldu gura izan diete aurten. Horren erakusle da Thomas Urrutia (2001), Julen Del Rio (1996), Thibault Basque (1996) edota Johan Sorozabal (2002) gazteek jokatzea.
Bilbaok adierazi du txapelketa “oso indartuta” datorrela aurten, iazko “esperientzia bikainaren” ostean. “Pilotari gehiago, partidu gehiago eta ikusle gehiago edukiko ditu aurtengo edizioak, eta hori albiste bikaina da bai zesta-puntarentzat, bai euskal kirolarentzat, oro har”. Gondra ere pareko moldez mintzatu da: “Eskualderako oso albiste ona da maila hain handiko konpetizioa berton ospatzea, are gehiago formatu handiagoagaz eginda eta data berezi batean hasita”.
Hasierarik onena. Winter Series, hain zuzen ere, gernika-lumotarrentzat oso berezia den data batean ipiniko da abian: Urriko Azken Astelehenean. Lehen edizioko txapeldunak Erkiaga eta Zabala, Unai Lekerika eta Xabier Barandika etxeko puntisten kontra neurtuko dira, maila handiko partidu batean. Hala estreinako partidu horretarako, nola txapelketa osorako, antolatzaileen aurreikuspena “oso positiboa” da. Aurten ere, iaz legez, txapelketa osorako bonu orokorra erosteko aukera egongo da; 60 euroko prezioa edukiko du . Eguneko sarrerak ere salgai ipiniko dituzte, eta salmenta, hain zuzen “bide onetik” hasi da: Egun gutxiren buruan, ia 500 bonu saldu dira”.
Iazko garaileak “motibazioz gainezka” agertu dira. Aurrelari ispastertarrak adierazi du “izerdia gogotik bota” beharko dutela bigarrenez txapela lortzeko, eta osatu dituzten bikoteak “maila izugarrikoak” direla. Garaipena berrestea baino, “ikuskizuna ematea” du helmuga Erkiagak: “Kirol eta txapelketa hau hain bero hartu dituzten ikusleei gure bertsiorik onena itzuli behar diegu eta horretako biderik egokiena ahalik eta partidurik ederrenak jokatzea da”. Horretarako bidea ere argi du: “Ligaxkan partiduz partidu egin beharko dugu, eta finalaurrekoetara indartsu iristen saiatu; hortik aurrera, ea lehiak noraino eroaten gaituen”. Aurtengo txapelketak, hautagaiei dagokienez, “ezustekoak” edukiko dituela ohartarazi du aurrelariak, eta “jende gaztearen maila handia” nabarmendu.
Erkiaga: “Aurtengo txapelketak ezustekoak edukiko ditu”
Zabalak, bere aldetik, “labana ahoan dutela” kantxaratuko direla aurreratu du: “Uda ona izan da biontzat, batez ere Aritzentzat, eta indartsu ailegatuko gara fisikoki eta buru aldetik”. Txapelketaren hazkundeaz galdetuta, “hankak lurrean” eduki behar direla adierazi du markina-xemeindarrak: “Iaz astelehenero frontoia bete egin zen, baina aurten astelehen gehiago izango dira. Gaur-gaurkoz, sarreren salmenta ederto abiatu da; ea jardunaldiek aurrera egin ahala zelako erantzuna duen lehiaketak”.
Udan Hondarribiako Grand Slama irabazi duen Barandikak, ostera, argi eta garbi utzi du Lekerikak eta berak edukiko duten helburua zein den: “Winter Series irabaztera aterako gara, badakigu gai garela. Esan beharra dago aurkaririk puntakoenek jokatuko dutela, baina etxekoen berotasunagaz eta Jai Alain, zesta-puntaren katedralean, aukerak ditugula esango nuke”.
Barandika: “Winter Series irabaztera aterako gara, badakigu gai garela”
Lesioak ahaztuta. Bere bikote Lekerikarentzat ere esanahi berezidun txapelketa izango da; hark ere etxean jokatzeaz gain, aspaldian bere mailatik aldenduta izan duten lesioak ahaztuak dauzka jadanik: “Koadrizepseko tendoian eta sorbaldan min hartuta egon naiz, baina, behin gorputzari ganoraz berreskuratzeko tartea emanda, maila handian bueltatuko naizela uste dut”. Jai Alai “ezagunen eta, zelan ez, kuadrillakoen animoz beteta” ikusteko gogotsu ageri da Gernika-Lumokoa, eta bere hautagaiak plazaratzera ere ausartu da: “Iazko garaileak hautagai nagusiak dira, baina, beharbada, Goikoetxeak eta Etxetok osaturiko bikoteak sorpresa eman dezake”.
Lekerika: “Goikoetxeak eta Etxetok osaturiko bikoteak sorpresa eman dezake”
Diego Beaskoetxearentzat ere berezia izango da aurtengoa. Imanol Lopez zumaiarragaz batera, etxekoen aurrean lehiatzeko aukera edukiko du. Iazko aldiaren balantze “bikaina” egin du: “Hainbat partidu hirugarren setean, berdinketa haustean, erabaki izanak adierazten du pilotarien batezbesteko maila handia izan zela”. Lopez eta biak “oso ondo” ezagutzen direla azaldu du: “Amerikan elkarregaz bizi ginen, lagun minak gara; hartu-eman hori guztiori kantxara eroatea lortzen baldin badugu, seguru nago ondo jokatuko dugula eta, zergatik ez, garaipenaren lehian ibiliko garela”. Lehia horretan, ez du faborito nagusirik nabarmendu “sorpresaz beteriko lehiaketa izan daitekeelako”.
EGUTEGIA:
- Urriak 31. Barandika-Lekerika vs. Erkiaga-Zabala (A multzoa)
- Azaroak 7. Beaskoetxea-Loez vs. Goikoetxea-Etxeto (B multzoa)
- Azaroak 14. Olharan-Basque vs. Urrutia-Aimar (A multzoa)
- Azaroak 21. Tambourindeguy-Minvielle vs. Johan-Del Rio ( B multzoa)
- Azaroak 28. Barandika-Lekerika vs. Urrutia-Aimar (A multzoa)
- Abenduak 5. Beaskoetxea-Lopez vs. Tambourindeguy-Minvielle ( B multzoa)
- Abenduak 12. Erkiaga-Zabala vs. Urrutia-Aimar (A multzoa)
- Abenduak 19. Beaskoetxea-Lopez vs. Johan-Del Rio (B multzoa)
- Abenduak 26. Barandika-Lekerika vs. Olharan-Basque (A multzoa)
- Urtarrilak 9. Goikoetxea-Etxeto vs. Johan-Del Rio (B multzoa)
- Urtarrilak 16. Erkiaga-Zabala vs. Olharan-Basque (A multzoa)
- Urtarrilak 23. Goikoetxea-Etxeto vs. Tambourindeguy-Minvielle ( B multzoa)
- Urtarrilak 30. Lehen finalerdia
- Otsailak 6. Bigarren finalerdia
- Otsailak 13. Hirugarren eta laugarren postuak
- Otsailak 19. Finala.