Irati Jimenezek jaso du saiakerako Euskadi Literatura Saria
'Begiak zabalduko zaizkizue' saiakeragatik saritu dute Jimenez. Bilboko Bidebarrieta liburutegian aurkeztu dituzte gaur sarituak, sari banaketa ekitaldi ofiziala, baina, azaroaren 24an izango da Donostiako Tabakaleran.
Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue lanak jaso du saiakerako Euskadi Literatura Saria. Gaur goizean Bilboko Bidebarrieta liburutegian aurkeztu dituzte sarituak. Sari banaketa ekitaldi ofiziala, baina, azaroaren 24an izango da Donostiako Tabakaleran.
Alexander Gurrutxagak, Ane Miren Larrinagak, Aitor Zuberogoitiak, Katixa Agirrek eta Xabier Aierdik osatutako epaimahaiaren arabera, “hipotesi ausartak” proposatu ditu Jimenezek liburuan. “Testuak badu probokaziotik ere, eta nahi duenean badaki politikoki zuzena ez izaten. Aipagarria da irakurleari etengabe interpelatzeko egiten duen ariketa, honengan gogoeta sorraraziz. Liburuaren tonuak literaturarekiko pasioa, maitasuna eta grina transmititzen ditu, eta estilo aldetik landua eta pertsonala da”, nabarmendu dute epaimahaiko kideek.
Ernest Hemingwayren Fiesta. Eguzkia jaikitzen da itzultzeagatik Koro Navarrok jaso du Euskadi Literatura Saria. Edurne Portelak eta Teresa Maldonadok jaso dituzte gaztelerazko modalitateko sariak. Joan den astean iragarri zituzten gainontzeko hiru saridunak (Uxue Apaolazak jasoko du Euskarazko Literatura saria Bihurguneko Nasa lanagatik, Leire Bilbaok Euskarazko Haur eta Gazte LIteraturakoa Barruko hotsak liburuagatik eta Literatur Lanaren Ilustrazioaren Euskadi Literatura saria Maite Mutuberriak jasoko du Irrimola liburuagatik).
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Andoni Iturbe sailburuordeak “datu historiko” bat nabarmendu dute gaurko aurkezpenean. Euskadi sariak banatzen hasi zirenetik, aurten, lehenengoz, emakumezkoak dira zazpi sarituak.
2021eko azaroan aurkeztu zuen Irati Jimenez bermeotarrak Begiak zabalduko zaizkizue saiakera literarioa. Euskal literaturaren azterketa sakona egiteaz gain, ariketa literarioa egiteko eta baloratzeko tresnak eskaintzen ditu.