Bideojokoetan euskara areagotuz
Euskarak bideojokoetan daukan presentzia areagotzea, ezagutaraztea eta biltzea du helburu Game Erauntsia egitasmoak, eta hori bilatzeko Gamer gela saioa egingo du, gaur, kultur etxean
Udalerri euskaldunetan, hiru gaztetik bik jokatzen dute bideojokoetara. Hala dio Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketak. LHko ikasleen %78k jokatzen dute, lautik hiruk eta DBHko %65ek, hirutik bik. Batxilergoan,%43 dira erabiltzaileak. Euskararen presentzia, baina, «txikia» da. Galdetegia bete dutenen %3,5ek baino ez du euskaraz jokatzen.
Kontsumoari ezeze, bideojokoen eskaintzari ere erreparatu behar zaiola nabarmendu dute, baina bideojokoen mundu zabal eta askotarikoan, gero eta gehiago dira euskarazko produktuak. Euskal garatzaileen areagotzearen eragina da hori, baita bideojokoen zaleen komunitateak gogor ekin diolako lanak itzultzeari ere: aurten 27 lan argitaratu edo aurkitu dira euskaraz, eta, iaz, 20.
Hain zuzen ere, euskarak bideojokoetan duen presentzia areagotzea, ezagutaraztea eta biltzea helburu ditu Game Erauntsiak. Bideojokoen arloan euskarak txoko bat izatea eta euskararen munduan bideojokoek leku bat edukitzea bilatzen dute.
Eta, helburu hori bilatzeko asmoz, elkarteak Gamer gela saioa antolatu du gaur, Gernika-Lumon. 17:30etik aurrera, euskarazko bideojokoen erakusleihoa izango da kultur etxea. «Euskarazko bideojokoak existitzen direnaren erakustaldi praktikoak dira Gamer gelak. Izan ere, gaur egun, jendeak ez daki euskarazko bideojokoak existitzen direnik ere», adierazi du Lander Unzueta Game Erauntsia elkarteko kideak. Dioenez, jendeak ez du Play Stationean, Nintendo Switchen zein mugikorretan dagoen euskarazko edukia ezagutzen. «Elkartearen asmoa da horiek ezagutzera ematea, eta, horretarako, euskarazko joko horiek ordenagailu zein kontsoletan jarriko dizkiegu gaurko saiora doazenei. Euskaraz dauden joko interesgarrienak jarriko dizkiegu, eta horietara gazteak gerturatzen ahaleginduko gara».
Hausnarketarako tarte txiki bat ere hartuko dute; izan ere, arduradunek gazteei galdetuko diete zein hizkuntzatan jolasten duten, baita euskaraz zergatik ez duten parte hartzen ere.
Saioetara bertaratzen direnek ez dituztela Gamer gelako jokoak ezagutzen dio Unzuetak, eta ezagutzen dituzten horietara euskaraz jokatzeko aukera dutela ere ez dakitela dio. «Ez dakite jokoen hizkuntza eskaintza zein den, eta hori ezagutzera ematea ere garrantzitsua da». Nabarmendu du ezinbestekoa dela euskararen erabileran eragitea.
Lander Unzueta (Game Erauntsia elkarteko kidea): “Game Erauntsiaren
asmoa da euskarazko bideojokoak ezagutaraztea”
Azken urteetan nabarmen hasi den arloa da bideojokoak euskaratzea eta euskaraz jokatzea. Lehenago ere egin dira ahaleginak, Jaurlaritzak edo aldundiek bultzatuta, baina ahanzturan geratu direla uste du Unzuetak. Hala ere, gizartearen jokaera aldaketa azpimarragarria da, «batez ere azken bi urteetan».
Game Erauntsia arduratzen da jokaera hori bermatzeaz, baina garatzaile euskaldunen presentzia «gero eta handiagoak» lana errazten duela aitortu du: «Gero eta garatzaile euskaldun gehiago daude, baita lanbide hori irakasten duten ikastetxe gehiago ere. Hala ere, ezin da ahaztu euskal komunitatearen garrantzia». Dioenez, «indartzen» joan da bideojoko euskaldunen sarea, eta hainbat proiektu sortu dira; batzuetan norbanakoek euren kabuz egiten dute jokoak euskaratzeko lana, eta beste batzuetan, elkarlanean.
Lan hori guztia euren webgunean batu dute. Izan ere, euskarazko bideojokoen zerrenda osatu dute: 100 bideojoko bildu dituzte, eta hauspotzen saiatuko dira. «100 ez dira asko, baina lan boluntario handia egin da horiek euskaratzeko. Ez dira bakarrik guk itzulitako jokoak, garatzaileek, boluntarioek, komunitatekoek edota norbanakoek egindako lanaren emaitza dira».
Bideojokoen arloan, hastapenetan dago euskara, eta hori zabaltzea «ezinbestekoa» da. «Jendeak borondatez egin duen lana identifikatu behar da. Askok guregana jotzen dute joko bat euskaratzeko, gero eta gehiagok, baina askotan egileen bila ibiltzen gara. Zerrendan jaso egin ditugu guk egindako lanak zeintzuk diren, baita zeintzuk dauden ofizialki garatzaileek euskaratuta edo zeintzuk norbanakoek eginda; horiek nork itzuli dituen ere jasotzen dugu. Ez dugu egindako lan hori galtzerik nahi».
Hiztegia berria
Joko bakoitzaren araberako lana da itzulpenarena. Garatzaileekin elkarlanean egiten denean, errazagoa da, eurek bidaltzen dietelako Game Erauntsiako kideei euskaratu beharreko testua; gero, eurek txertatzen dute jokoan. Baina beti ez da horren erraza izaten, sarri joko bakoitzaren tripak arakatu eta testua bildu behar izaten delako: «Zorakeria da. Askotan testuak ez dira testuak bakarrik, irudietan txertatuta egoten dira, eta horiek moldatu behar izaten ditugu. Jokoaren araberako lana da, eta jakin egin behar da lan hori zelan egin. Aurten, Mario Kart berriena itzuli dut, eta beste komunitate batek lagundu zidan hori egiten; tresnak eman zizkidaten, eta nik itzulpen lana egin nuen». Joko batzuetan hitz batzuk bakarrik moldatu behar dira, baina badaude eleberriak baino luzeagoak diren itzulpenak ere. Horiek «oso zailak» dira: «Among Us jokoak, esaterako, hasieran ez zuen testu askorik, baina eguneratu eta testu asko gehitu diote. Hori itzultzeko lanean ari gara».
Lander Unzueta (Game Erauntsia elkarteko kidea): “Aurten, Mario Kart berriena itzuli dut; beste komunitate baten laguntzagaz”
Euskaratzearen zailena terminoak zehaztea dela onartu du, eta hori bideratzeko asmoz, Game Erauntsiak eta Elhuyarrek elkarlanean sortu dute 30 terminoko hiztegia. «Orain arte ez da halakorik egon, eta zaila izan da ekintza bakoitzerako berba bat zehaztea. Hasierako lana egin dugu, baina gure asmoa da hiztegi hori hornitzen joatea», azaldu du Unzuetak.
Oztopo nagusiena, hala ere, kontsumo eredua aldatzea da. «Jendeak joko bat euskaratuta dagoela jakin arren, euskaraz jokatu behar du, eta aldaketa horiek egitea ez da erraza. Bide horretan, garrantzitsua da joko horiek ezagutaraztea».
Gamer gelaz haratago, beste hainbat tailer eskaintzen dituzte: streaming tailerra Twitchen zuzenekoak egiteko, itzulpenen saioa terminologia ezagutarazteko eta kritikak edo analisiak idazteko tailerrak. Helburua da komunitatea handitzea eta ezagutzera ematea eta jendearen parte hartzea bultzatzea. «Minecraft euskaraz jolastera animatzen ditugu, eta batek jakin etorkizunean itzulpen bat egitera ausartzen diren».
Komunitatearen garrantzia
Elkartearen pausoak jarraituz, euskal bideojoko zaleen komunitatea hazten joatea bilatzen dute. 2014an sortu zen Game Erauntsia, lagun talde gisara. Indartuz joan zen taldea, 2016an elkarte bihurtu arte. Azkue fundazioagaz Jokoteknia jardunaldiak antolatzen hasi ziren orduan, eta bosgarrena egingo dute, azaroaren 12an. Hurrengo urte garrantzitsuena 2020a izan zen, Jaurlaritzaren diru laguntzari esker, langileak kontratatu zituztelako, «proiektua profesionalago bihurtuz».
Euskal Herriko komunitatea handitzen doa, baina badaude indartsuak diren komunitate txikiak ere: Kataluniakoa eta Galiziakoa, kasu. «Hartu-emana etengabekoa da, batez ere kataluniarrekin. Eurek sortutako jokoak itzuli ditugu eta elkarri laguntzen diogu. Katalunian, lehenagotik dago jokoak itzultzeko joera, eta komunitate handiagoa dute, baita bideojokoen zerrenda ere. Komunitate galegoa ere indartsu dago. Hartu-emana oso ona da, eta oso polita da zelan handitzen diren ikustea».