Nahi eta ezin: denboraldiko lehen porrota Lointekentzat
Lointek Gernika Bizkaiak 73-61 galdu du Kutxabank Araskiren kontrako partidua. Etxeko taldea uneoro gehiago izan da. Emakumezkoen Endesa Ligako lehen jardunaldiko partidua izan da, atzeratuta jokatu dutena.
Lointek Gernika Bizkaiak lehendabiziko porrota jasan zuen atzo lehiaketa ofizialeko partidu batean. Gasteizen izan zen, Mendizorrotzako kantxan, Kutxabank Araskiren kontra; partidu osoan atzetik ibili ondoren, 73-61 menperatu zituen etxeko taldeak Anna Montañana valentziarraren jokalariak. Norgehiagoka Emakumezkoen Endesa Ligako lehendabiziko jardunaldiari zegokiona izan zen. Jadanik Leganesen eta Barça CBSren kontra jokatu (eta irabazi) duten arren, lehen jardunaldia atzeratu egin zen, Lointekek Phantoms Basket Boom talde belgikarraren aurkako EuroCup Women txapelketako partidua baitzuen data horretan. Garaiz kanpo iritsi zitzaien, beraz, ligako lehen jardunaldiko zita.
Araskiren kontrakoa 2022/2023 denboraldiko lehenengo euskal derbia eta, era berean, kanpoan jokaturiko ligako estreinako partidua izan zen. Hasi orduko albisterik garrantzitsuena Lointeken azken fitxaketak, Brooque Williams estatubatuarrak, ezin zuela jokatu izan zen: lehen jardunaldiko data ofizialean, Williams oraindik fitxatu barik zegoen eta, beraz, ez zuen atzo Gasteizen kantxaratzeko aukerarik eduki. Bere ordezko modura, Montañanak Gabija Meskonyte lituaniarraren aldeko apustua egin zuen: belaunean izandako lesioa ahaztuta, maila handian abiatu zuen partidua. Dena dela, etxekoek nagusitasuna erakutsi zuten 4,60ko lerrotik, batez ere, Tanaya Atkinsoni esker. 20-8ko arrakala zabaldu ondoren, Andrijana Cvitkovicek aldea murriztea lortu zuen gernika-lumotarren mesedetan, eta lehendabiziko laurdena 22-13 bukatu zuten.
Bigarren laurdenaren hasierako protagonista Rosó Buch kataluniarra izan zen: 7 puntutara murriztu zuen aldea. Hori bai, Araskik bere jokoa inposatu zuen, hala nola, Txell Alarconi esker. Gernika-Lumokoek, ostera, ez zuten asmatu beraien jokoa egiten, eta galdu samar ibili ziren kantxan. 42-24ko markagailuagaz joan ziren aldageletara. Atsenaldiaren ondoren, Julie Wojtak bultzada eman zion Lointeken jokoari, 7-0eko partziala lortuta; esangura handia eduki zuen, halaber, Sandra Igerabidek. Nolanahi ere, beherakada unearen ondoren, Araskikoek partiduaren ardura hartu zuten atzera, besteak beste, Alarcon eta Atkinsonen ekarpenak tarteko. Errentari zegokionez, hamar puntutik gora igo zen: 55-44.
Montañana: “Ez dugu Araskik bezain ondo jokatu, eta porrota horren erakusle da”
Azken zatian, Lointekek kale edo bale egin behar izan zuen. Araskik, ordea, ez zituen besoak jaitsi, eta aurpegia erakutsi zien Montañanaren neskei. Valentziarrak eskatutako hutsarteak ere ez zuen konponbidetzat balio izan. Igerabide, Itziar Ariztimuño eta Laura Spreafico gogor saiatu ziren azken unean, baina beste batzuetan baino fruitu traketsagoagaz. Azkenean, 73-61eko markagailuagaz amaitu zen Mendizorrotzako partidua; denboraldiko lehen porrota Lointek Gernika Bizkaiarentzat.