Gernika Sporting-ek zuzendaritza taldean parte hartzeko deialdi publikoa egin du
Gernika Sporting zuzendaritza lantaldean lagunduko duen jende bila dabil. Laguntzaile postua betetzeko hautagaiak ere ondo hartuko dituztela azaldu dute. Deialdia beren sare sozialetatik egin dute publiko.
Gernika Sporting taldeko ordezkariek deialdia zabaldu dute, klubeko zuzendaritza taldean parte hartzeko jende bila dabiltzala plazaratuz. Taldetik adierazi dutenaren arabera, azken urteotan, kluba “izugarri” hazi da, eta kategoria guztietan “gutxienez talde bat edo bi” dauzkate: alebinetan, umeetan, kadeteetan, gazte mailan eta lurralde mailan. Hori dela eta, koordinazio nahiz asistentzia beharretan laguntzeko jendea ere behar dute egungo zuzendaritza lantaldean.
Gernika Sporting-ek dagoeneko bere sare sozialen bitartez zabaldu du deialdi hori, baina orain arte jaso duten erantzuna “oso murritza” izan dela azaldu dute: “Bost pertsona inguruk erakutsi dute beren interesa, eta uste dugu kirol proiektu honek babes zein elkarlan handiagoa merezi duela, egitasmo benetan ederra baita”. Interesa dutenen ardura “egunerokotasunean asistentzia lanak egitea eta, horrez gain, erabakiak hartzeko prozesuan kolaboratzea” izango dela argitu dute. Era berean, nabarmendu dute zuzendaritza taldeara batu gura ez dutenek aukera daukatela laguntzaile beharretan laguntzeko, “ordu gutxiagoko lana baita”.