430 gimnasta elkartuko ditu 24. Xixili Torneoak
Xixili Klubak 24. Xixili Torneoa antolatu du. Zapatuan izango da, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, eta egun osoko egitaraua edukiko du: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartekoa.
Zapatuan, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiak 24. Xixili Torneoa hartuko du, izen bereko gimnastika erritmikoko klubak antolatuta. Antolatzaileek aurreikusitakoaren arabera, inguruko talderik “esanguratsuenak” egongo dira Jai Alain, eta baita Espainiar Estatutik bertaratutakoak ere bai. Guztira, 40 talde inguru eta, gutxi gorabehera, 430 gimnasta egongo dira. Federatuta dauden oinarri mailetako gimnasta erritmikoak ariko dira lehiaketa horretan, maila absolutukoez gain. Egitarauari dagokionez, egun osokoa izango da, goizez nahiz arratsaldez lehiatuko baitute parte hartzaileek: lehenik eta behin, 10:00etatik 14:00etara bitartean; ondoren, 16:00etatik 19:00etara. Hurreratu gura duten guztiek doako sarrera edukiko dute.
Xixili klubetik azaldu dute 10 eta 25 urte arteko gimnastak egongo direla Gernika-Lumon: ume, alebin, kadete, gazte eta absolutu mailetakoak. Goizeko txandan, banakakoek lehiatuko dute, eta arratsaldean, ostera, taldeka ariko dira. Hurreko talderik garrantzitsuenek parte hartuko dute zapatuan, besteak beste, Ipuruak, Sakonetak, Santutxuk eta, zelan ez, Xixilik. Kanpotik etorriko direnen artean, Asturias, Errioxa, Gaztela eta Leon edota Madrilgo taldeak nabarmendu dituzte antolatzaileek. Guztien artean, Vallecas taldea dute ahotan: “Beti izan ohi da goi-mailako taldeetako bat; aurten ez ditugu lehiatzen ikusi, eta misterioa izango da beraien aurtengo taldea zelakoa den ikustea. Dena dela, seguru gaude puntako taldeetako bat izaten segituko dutela”.
Zerbait berezia egiteko asmoz. Koronabirusaren pandemia sasoiak urte biko geldialdia suposatu zuen lehiaketa horrentzat, eta iaz berrekin zioten hura antolatzeari. Ikusleek emandako harrerak, baina, ez du etenaldia sumatu: urtero-urtero “jende pila bat” animatzen da torneoaz gozatzera, eta aurtengo aurreikuspena ere “oso ona” da. Bestalde, Xixili klubekoek “zerbait berezia” egin gura dute lehiaketaren datorren aldian: “25. edizioa izango da, eta esanahi berezia eman gura diogu hainbeste eta hainbeste urtez egin izan dugun torneoari”.