Udal bide sareko seinaleak eguneratuko ditu Ajangizko Udalak
Udal bideen sarea berrantolatzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko asmoz, udal bideen pintaketa eta seinaleztapena eguneratuko ditu Ajangizko Udalak. Lehenengo neurria bidegorriari kolore berdea ematea da.
Ajangizek erabilera anitzeko udal bideen sarea dauka, eta, horretan, bidegorria dago marraztuta. Bidegorria margoztearen helburua, bere garaian, oinezkoen eremua banatzea zen, baina denborarekin, bere funtzioa galdu du eta ibilgailuen, bizikleten eta pertsonen joan-etorria nahastu egin da, “horrek dakarren arriskuagaz”. Hori horrela, udalak udal bideen pintaketa eta seinaleztapena eguneratuko ditu, “udal bideen sarea berrantolatzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko”.
Hala, herritarrek eskatuta eta bide horietan mugitzen diren pertsonen segurtasuna bermatu askoz, “asmo handiko” proiektua garatuko dutela dio Koldo Carbonell Ajangizko alkateak.
Carbonellek adierazi du lehenengo neurria bidegorriaren kolorea aldatzea dela, eta orain gorria dena berdea izango dela aurrerantzean. Gaur gaurkoz, Elizaldetik maierrerako bidean, Kanpantxun, Maierretik Mentxeta dorrera artean eta Zubialde eta Arestietan dago bidegorria margotuta. Hori guztia berdea izango da lanok egindakoan, eta zehaztu dute bidera sartzeko guneetan eta bidegurutzeetan pintaketa indartuko dutela, eta piktogramak jarriko dituztela, oinezkoen eremua eta gehieneko abiadura zein den gogoratzeko. “Pintura gorriak erabiltzaileak nagasten ditu, bizikleta bideagaz nahasten dutelako askok eta askok. Gernikan bizikletentzako bidegorria gorria da, eta, ondorioz, gernikarrak Ajangizera datozenean, gure bidegorria bizikletentzat dela uste dute, baina ez da horrela”, azaldu du alkateak.
Bestalde, jakinarazi du seinale bertikal eta horizontal berriak jarri eta margotuko dituztela, gogorarazteko udalerriko gehieneko abiadura 30 kilometro ordukoa dela, eta oinezkoek berdez margotutako eremua erabili beharko dutela. Hala ere, zehaztu dute oinezkoek lehentasuna izango dutela mota horretako bideetan.
Trafikoa moteltzeko neurri modura, beste bide batzuekiko bidegurutzeak eta bideetako sarbideak aprobetxatuko dituzte bideen erabilera baldintzak gogorarazteko, eta, horretarako, seinaleztapen bertikalak zein horizantalak jarriko dituzte. Alkateak adierazi du 14 bidegurutze ingurutan jardungo dutela.
Lanok egiteko aurrekontua 96.309 eurokoa izan da, baina alkateak adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiaren Bideak egiten programako 100.000 euroko diru laguntza jaso dutela horretarako.