Ivan Muñoz eta Patricia Ruiz, garaile etxeko lasterketan
Ivan Muñoz eta Patricia Ruizek garaipen oso sendoa lortu dute Gernika-Lumoko 29. Rallyan. Gorka Antxustegik eta Xabat Urrestik irabazi dute Euskadiko Txapelketa.
Ivan Muñoz gernika-lumotarra eta bere kopilotu Patricia Ruiz nagusi izan ziren zapatuan lehiatutako Gernika-Lumoko 29. Rallyan. 50.38,331ko denbora behar izan zuten beren Porsche GT3agaz rallyko lau tarte kronometratuetan gainontzeko parte-hartzaileak menperatzeko. Bigarren postuan Xabier Lujua eta Jesus Estrada sailkatu ziren, Hyundai i20 R5agaz 50.52,906ko denbora egin ondoren; podiuma Iñigo Olabegogeaskoetxeak eta Sergio Martinezek osatu zuten, beren BMW Compact F2000agaz 53.22,070eko denbora poltsikoratu ondoren.
Gernika Racing Elkarteko antolatzaileek rallyaren edizio “polita eta erakargarria” izan dela adierazi dute: “Hainbat eta hainbat ikusle animatu ziren Busturialdeko errepide bazterretara hurreratzera, eta, gainera, errespetuzko jarrera gailendu zen; alderdi horretatik, oso pozik eta eskertuta gaude”. Muñoz Gernika-Lumoko Rallyarentzat “maila handiko garailea” dela azaldu dute. “Proba bikain ezagutzen du, baita inguruko errepideak ere; gainera, aurten erabili duen kotxea zein den ikusita, hasiera-hasieratik hautagai nagusietako bat izan da, eta garaipena horren guztiaren erakusle da”.
Dena dela, irabazleak ez zuen espero garaipena eskuratzerik: “Autoari neurria hartu barik iritsi nintzen irteerara; hain zuzen, autor horregaz lehiatzen dudan estreinako aldia izan zen asteburukoa. Horrez gain, banekien maila handiko pilotuak egongo zirela eta arratsaldeko bi tarte kronometratuak geure kotxearentzat ez zirela goizekoak bezainbesteko egokiak”. Gernika-Lumokoaren helburua hoberenengandik “ahalik eta hurren” egotea izan da, eta, isilean-isilean, goreneko kotan bukatu du etxeko rallya: “Aspaldion oso gutxi lehiatu dudala ikusita, oso pozgarria da etxekoen aurrean eta betidanik ezagutzen ditudan errepideetan garaipena lortzea”. Gainera, markak apurtu ditu Muñozek: inoizko Gernika-Lumoko rallyrik bizkorrena irabazi du, 105 kilometro orduko batezbesteko abiaduragaz.
Sustoa goizeko tartean. Zenbait istripu txiki egon diren arren, Julen Bilbao tarte kronometratuko lehendabiziko pasaeran gertaturikoa izan zen guztietan arriskutsuena; bertan zegoen jendea, hain zuzen ere, uzkurtuta utzi zuen Mikel Bilbao eta Aitor Rochak jasan zuten kolpe ikusgarriak. Belendizko helmugatik kilometro erdia ingurura, kotxearen kontrola galdu, eta hainbat itzulipurdi eman zituzten; dena dela, “susto handi batean” geratu da dena, antolatzaileek argitu dutenez. Muñozek berak ere arazo bat eduki zuen Muxikako Udala tarteko bigarren pasaeran. Gernika-lumotarrari Muniketagane inguruan ur botila bat autoaren pedaletan trabatu zitzaion, eta “tentsio handiko unea” pasatu zuen.
Era berean, irabazleak gurpilen pneumatikoekin ere borroka egin behar izan zuen zapatuan: “Lehor egotea espero nuen zenbait eremutan, hezetasuna topatu nuen, eta horrek arrisku gehigarriak hartzera behartu gintuen kasuren batean edo bestean; pneumatikoen konposatua ez zen beharbada egokiena, baina azkenean ondo moldatu ginen”. Muñozek ia ez du lehiatu aurtengo Euskadiko Txapelketarako puntuagarriak izan diren rallyetan, eta, horrenbestez, ez da lehiaketaren lehian ibili. Sailkapen horretan Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti markina-xemeindarrak gailendu ziren.
30. urteurrena, hortzimugan. Aurtengo edizioaren “balorazio bikaina” eginda, Gernika Racing Elkartekoek boluntario guztiei emandako laguntza eskertu gura izan diete, eta hurrengo urteko 30. urteurrenera begira ipini dira jadanik: “Zerbait berezia eta desberdina egin nahi dugu”.