Ajuriako I. Esku Pilota Txapelketako finalerdiak, barikuan
Ajurian I. Esku Pilota Txapelketa egiten ari dira, eta finalaurrekoetan ariko diren lau bikoteak badakizkite zeintzuk diren: Artxo eta Atxur Xabat eta Xabiren kontra, batetik; bestetik, Gandiaga anaiak Latxiondo eta Mugikaren kontra.
Muxikako Ajuria auzunean I. Esku Pilota Txapelketa egiten ari dira, eta, jadanik, lehiaketako finalaurrekoetara pasatuko diren lau bikoteak zeintzuk izango diren badakite. Lehendabiziko kanporaketa duela asteburu bi egin zuten, eta finalerdietako lehen bi bikoteak atera ziren jardunaldi hartatik: Latxiondo eta Mugika sailkatu ziren alde batetik, eta bestetik, aldiz, Artxo eta Atxur. Bigarren kanporaketa joan den asteburuan egin zuten, eta, antolatzaileen arabera, “goi-mailako jokoa” ikusi ahal izan zuten Ajuriako pilotalekura hurreratu ziren ikusleek: “Jokatu ziren partidu biak benetan lehiatuak izan ziren, eta ikusleek maila handiko esku pilotaz gozatu zuten, amateurrak izan arren”.
Rober eta Urkijo gernika-lumotarrak Lekeitioko Gandiaga anaiak eduki zituzten aurrez aurre lehenengo partiduan. Azken horiek suertatu ziren garaile, baina ozta-ozta; 21-21eko markagailuagaz, Gandiagatarrek kale edo bale egin behar izan zuten, eta azken tantoak beraien aldera egin zuen. Bigarren partiduan Bidaburu eta Muniozguren Xabaten eta Xabiren kontra aritu ziren, eta azken horiek poltsikoratu zuten garaipena, 22-10eko markagailuagaz. Antolatzaileen arabera, “uste baino partidu estuagoa” izan zen.
Finalerdiak barikuan izango dira, eta finala, ostera, hilaren 30ean. Finalerdietan jokatuko diren partiduak ondorengoak izango dira: Artxo eta Atxur Xabat eta Xabiren kontra, batetik; bestetik, Gandiaga anaiak Latxiondo eta Mugikaren aurka. Txapelketaren estreinako edizioa izateko, antolakuntza lantaldea “oso asebeteta” agertu da, “jende dezente” hurreratu baitzen Ajuriara. Datozen bi jardunaldietan ere dinamika horregaz jarraitzea espero dutela adierazi dute.