Euskal ohiturak eta identitatea plazara
Kanpantxuko 11. Euskal Jaia ospatzen ari dira gaur. 63 bizilagun inguru elkartu dira frontoian bazkaltzeko, eta sabela bapo bete eta gero, kirola egiteko momentua helduko zaie kanpantxukoei.
Babestutako ezagutza da folklorea. “Garai batean, gure arbasoek sortu zutena, eta egun, gure nortasunaren adierazgarri dena”. Herri txikiaren adierazle den festa da gaurko Kanpantxuko Euskal Jaia, garai batean entzun ez zena kontatzekoa, entzun ezin zena zabaltzekoa: “Gure ondorengoek ahaztu ez dezaten gorde behar dugu altxor hau. Bizitzan gehien balio duten gauzak ez direlako kausak”.
Ideia horiek oinarri hartuta hasi da Kanpantxuko 11. Euskal Jaia. Txupina jaurtitzearekin batera elkartu dira Kanpantxuko plazan ajangiztarrak, eta burteren ostean, euskaldunen identitate ohiturak agerian uzteko jaiak giroz bete du Kanpantxu.
12:00etan hasi dira prestatutako ekintzak, eguraldia lagun. Julen Ibarguengoitiaren eta Jokin Arriolaren bertsoek hartu dute plaza.
EinGo eskolako kideek eman diote jarraipena ospakizunei, izan ere, euskal kanta ezagunenak interpretatu dituzte baserriz baserri auzotarrek egin duten poteoa musikatuz. Bertan batu diren 70 ajangiztar inguruk musikarien erritmoa jarraitu eta dantza ere egin dute.
Eguerdian, 63 bizilagun inguru elkartu dira frontoian bazkaltzeko, eta batzuen eta besteen arteko kontuek bete dute mahai ingurua.
Sabela bapo bete eta gero, kirola egiteko momentua helduko zaie kanpantxukoei. Haur eta nagusientzako herri jolasak antolatu dituzte, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Eguna agurtzeko, musikak hartuko du ingurua, eta, ostean, txosnako musikak girotuko ditu Ajangizko Euskal Jaiko azken uneak.