Ostalaritza eta gazteak jomuga, Bermeo "garbiago" baten alde
Bermeoko Udalak martxan jarri du 'Zeurie be bada' garbiketa kanpainaren bigarren fasea. Kanpainagaz lotutako bideo bat ere aurkeztu dute, "kontzientziazioa lantzeko".
Martxan dago Bermeoko Udalak uda hasieran aurkeztu zuen Zeurie be bada garbiketa kanpainaren bigarren fasea. Oraingoan, ostalaritza eta ume eta gazteak dituzte jomuga. Hala ere, herritarren “kontzientziazioa” lantzeko, kanpainagaz lotuta dagoen bideo bat aurkeztu dute.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak gogorarazi du bermeotarren kezka nagusietako bat dela herriaren garbitasuna: “Galdeketetan behin eta berriz errepikatu den gaia da garbitasunarena”. “Hobetzeko ahaleginak” egin dituzte, eta hartutako neurriei esker, egoerak “hobera” egin duela uste du. Dena dela, lanean jarraitu beharra dagoela deritzo: “Etengabeko garbiketa lanekin jarraituko dugu, eta beharrezko baliabideak jarriko ditugu horretarako”. Horrez gain, herritarren inplikazioa “beharrezkoa” dela uste du, baita ere “kontzientziak lantzea”.
Hala, herritar horien guztiengana iritsi asmoz, Zeurie be bada kanpainaren bideoa aurkeztu dute. Bideoak “mezu argia” du: “Ez egin kalean etxean egingo ez zenukeena. Hori bezain erraza da”. Bideoak bost egoera salatzen ditu: txakurren kakak ez batzea, zigarro puntak lurrera botatzea, pipa azalak edozein tokira botatzea, herriko altzariak apurtzea eta edozein kantoitan txiza egitea. “Normala den moduan etxean ez dugu hori egiten eta Bermeo gure etxea dela ulertu behar dugu. Hori da transmititu gura duguna irudi hauen bitartez”, adierazi du Bermeoko alkateak.
Ontziak tabernetan. Ostalaritza establezimenduetan ere eragin gura dute bigarren fase honetan, “askotan terrazak zikin ikusten direlako”. Hala, ontziak banatuko dituzte kanpainaren irudiagaz, barra gaineetan zein terrazetako mahaietan jartzeko. “Pintxo bat jaten dugunean pintxoak daroan makiltxoa non bota galdetzen diogu gure buruari. Gauza bera gertatzen da eskuak garbitzeko erabiltzen ditugun papertxoekin. Aurrerantzean, ontzi horietan bota ahalko dira soberakinak, tabernako edo terrazetako garbitasuna mantenduz”. Helburua da hondakinak lurrera botatzea “ez dela praktika ona” adieraztea. Bezeroen kontzientziak piztu gura dituzte.
Herriko umeak eta gazteak ere badira kanpainaren jomuga. Izan ere, alkatearen arabera, “garrantzitsua eta ezinbestekoa” da txikitatik garbitasunerako eta birziklatzeko ohiturak sustatzea, “eta dena ezin da ikastetxeen eskuetan utzi”.
Umeek “hobeen” jolasen bitartez ikasten dutela iritzita, jolasak margotu dituzte herriko sastarrontzien (papera edo kartoia, plastikoa eta organikoa) inguruan. Talan, Lameran, Kurtzion, Erretenen eta Zubiaur Tar Kepa kaleko plazan jarri dituzte, umeak biltzen diren guneetan, hain zuzen ere. Leku bakoitzean jolas bat margotu dute, hiru dira denetara: koixopla, koloreak jarraitu eta labirintoa.
“Denon inplikazioa beharrezkoa dela aipatu dugu, baita etxeko txikienena ere. Garbitasun ohiturak, gainerako ohitura gehienak bezala, txikitatik ikasten ditugu eta eurengana hurbiltzeko modu dibertigarria dela iruditzen zaigu. Birziklapen eta garbitasun ohiturak jolas bidez ikasi ahal izango dituzte. Gainera, jokoen inguruan azalpena eskaintzen duten karteltxoak jarri ditugu. Ea txikiengana iristea lortzen dugun”, esan du Bermeoko alkateak.
Bigarren fase honetan, beraz, bi gauza uztartzen direla adierazi du: “Garbitasuna mantentzeko elementu praktikoak eta kontzientziazioan eragin nahi duten mezuak”. Lanean jarraituko dutela aipatu du, “herritarren nahiak betetzeko eta Bermeo garbi eta txukun bat izateko”.
Hurrengo fase batean, txakurren txisak edota gazteen lokalak izango dituzte abiapuntu.