Eskaintza zabalagaz dator aurten ere Ibarruriko Dantzari Eguna
Dantzaldiaz gain, Tor magoaren ikuskizuna eta Luhartz taldearen erromeria ere izango dira zapatu honetako Ibarruriko Dantzari Egunean.
Urriagaz batera, Basotxoritxu Dantza Taldeak urtean zehar egin duen lana erakusteko hitzordua ailegatu da. Ibarruriko Dantzari Eguna ospatuko dute zapatuan (urriak 15), Ibarruriko frontoian.
Urtero legez, gaur egungo taldekideez gain, lehenagoko dantzariak ere elkartuko dira frontoian, eta, beste behin, herriko abesbatzeko kideek lagunduta egingo dute erakustaldia. Emakume koplariak edo trikitixa munduari loturiko emakumeak izango da aurtengo gaia. “Mauriziagaz abiatu, eta egungo fusiko kanta moderno bategaz amaituko dute saioa”, azaldu dute antolatzaileek. 19:00etan, kalejiran batuko dira lehenengo, eta, ostean, izango da dantzaldia, 19:30etatik aurrera.
60 bat dantzarik eta koruko 20 bat kidek parte hartuko dute. Aupa Maurizia tartean bi dantza egingo dituzte, beste bi dantzetan euskal dantzak eta eurek sortutako koreografiak uztartuko dituzte, eta betiko euskal dantzak ere ez dira faltako. “Dantza batzuk doinua aldatuta egingo dira, eta beste batzuk klasikoak izango dira”.
Dantza eskaintza borobiltzeko, Tor magoaren ikuskizuna eta Luhartz taldearen erromeria egongo dira.
Zapatuan Ibarrurira hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute Basotxoritxu Dantza Taldeko kideek: “Herriko jende askok parte hartzen du, eta horrek egiten du egun polita izatea”.
EGITARAUA:
- 19:00. Kalejira, elizatik frontoira: dantzariak, trikitilariak, txistulariak…
- 19:30. Dantzak, Ibarruriko abesbatzagaz (tartean Arratiako jota eta sokatira dantza taldeen artean).
- 20:30. Tor Magoaren ikuskizuna.
- 21:30. Erromeria Luhartz taldeagaz.
- 00:00. Txokolatea denentzat.