Kanpantxuko frontoia eraberrituko du Ajangizko Udalak
Kanpantxuko jolasgunearen segurtasuna bermatzeko lanak egingo dituzte, baita frontoiaren egitura metalikoa egonkortzekoak eta ura frontoira ez sartzekoak ere.
Kanpantxuko frontoia ez dago egoera onean, “gabezia nabarmenak” ditu agintarien berbetan, eta horiek konpontzea erabaki du udalak. Hori dela eta, hastear daude frontoia eraberritzeko obra lanak.
Zehaztu dutenez, frontoiko teilatutik euria sartzen da, eta, ondorioz, putzuak sortzen dira frontoiko zoruan. Gainera, hezetasun orbanak ikus daitezke frontoiaren hormetan, eta horiek zartadurak eragin dituzte paretetako pinturan. Frontoiaren egitura nagusia osatzen duen egitura metalikoa ere “ugertuta” dagoela jakinarazi dute. “Gainera, frontoia errepidetik hurbil dago, eta gaztetxoen segurtasuna bermatu gura dugu. Izan ere, errepidera ateratzen dira piloten bila, eta, konturatu barik, arriskuan jartzen dute euren burua”, gehitu du Koldo Carbonell Ajangizko alkateak. Dioenez, frontoia eraiki zutenetik ez da obrarik egin, eta “hori berritu eta konpondu” beharra dagoela dio.
Hala, herritarrek eskatuta eta ibilgailuen pasabideaz ohartu gabe oinezkoen gune nagusian ibiltzen diren pertsonen –eta haurren– segurtasuna bermatzeko helburuz, frontoia konpontzea eta eraberritzea erabaki du udalak. Horregatik, jolasgunearen segurtasuna bermatzeko lanak egiten hastekoak dira orain, baita frontoiaren egitura metalikoa egonkortzeko eta ura ez iragazteko lanak egiten hastekoak ere.
Hori dela eta, ura frontoian ez sartzeko asmoz, estalkiaren gainean beste itxitura bat jarriko dute, gaur egun euri uren iragazketa errazten duten zulo guztiak estaltzeko helburuagaz. “Estalkia gainjarri egingo da gainazal osoan, eta erretenez eta zorrotenez errematatuko da, gaur egun dagoenera egokituta”, diote udal ordezkariek. Era berean, frontoiaren hormen eta estalkiaren artean dauden polikarbonatozko panelak ordezkatuko dituztela diote.
Profil metalikoetan dagoen ugerra kentzeko, gainazal osoa lixatuko dute, eta berriz margotuko dute ugertzen ez den pinturarekin. “Frontoiaren pareten behealdeak pintura iragazgaitz batekin tratatuko dira, horietan hezetasun orbanak eta zartadurak agertu direlako”, azaldu du Carbonellek.
Eta herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz, berriz, errepidearekiko barandarik ez duen frontoiaren aldean, hau da, frontisetik hurbilen dagoen aldean, baranda bat eta sarea jarriko dituzte, “inor korrika errepidera irten ez dadin”. Zehaztu dutenez, sareak metro bat eta 70 zentimetro izango ditu.
Ajangizko Udalak jakinarazi duenez, lanok egiteko aurrekontua 43.738,69 euroko da, BEZa barne.