Eskultura eta musika uztartzearen emaitza
Urbela Brouard-en 'Fonoeskultura' erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Kultur Etxean, urriaren 28ra bitartean. Urriaren 20an, baina, soinu performancea egingo dute bertan.
Edozein bidaia maleta prestatzerakoan hasten da, eta bidaia honetan oso ezberdinak diren bi diziplina maleta barruan tolestu sartu ditu Urbela Brouardek: eskultura eta musika.
Eskulturari dagokionean, artistak garrantzia handia ematen die hutsuneak mugatzen dituzten bolumenei, eta, musikan, beti liluratu diote noten artean dirauten isilune esanguratsuek. Hala, bi mundu horiek nahasterakoan sortzen da fonoeskultura. “Bidaiatzeko eta adierazteko” modu berri bat dela dio artistak, huts-ozenak entzuteko era bat. Hori da, hain zuzen ere, Gernika-Lumoko Kultur Etxean urriaren 28ra bitartean ikus eta senti daitekeena; Fonoeskultura izena daraman eta horiek biltzen dituen erakusketa, alegia.
Erakusketak baina, bestelako itxura bat hartuko du urriaren 20an. Izan ere, 18:30etik aurrera soinu performancea egingo dute bertan. ‘Zer soinu ezkutatzen dau egurrak?’ galderari erantzuten ahaleginduko dira han.