Herriko hainbat eragile, teknikari eta udalean ordezkaritza daukaten alderdiekin egindako diagnostikoa amaitu dute, eta orain herritarrek txanda da, urriaren 18ra arte egin ahalko dituzte ekarpenak.
Bermeoko Udala Klimaren Aldaketara Egokitzeko Plana egiten dabil, eta lehen fasea amaituta dagoela jakitera eman dute. Herriko hainbat eragile, teknikari eta udalean ordezkaritza duten alderdiekin egindako diagnostikoa amaituta, orain, herritarren iritziak jaso gura dituzte.
Diagnostikoa Bermeoko Udalaren webgunean irakurri daiteke, eta urriaren 18ra arte bermeotarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte. Ekarpenak ingurumena@bermeo.eus helbide elektronikora bidalita egin daitezke, edo baita ere, sare sozialen bidez #BermeoKlimaAldaketa traola erabilita.
Klimaren Aldaketara Egokitzeko Plana klimaren aldaketara egokitzeko eta arintzeko neurriak jasotzen dituen Klimaren Aldaketa Kudeatzeko Plan Integrala gauzatzeko aurreko pausoa dela azaldu dute udal arduradunek. Planaren helburuak honakoak dira: klimaren aldaketak Bermeon dituen arriskuak eta eraginak ebaluatzea eta ezagutaraztea, klimaren aldaketaren aurrerapenaren aurrean udalerriak dituen kalteberatasunak baloratzea eta horiei buruzko informazioa ematea, hautemandako arrisku bakoitzerako egokitzapen aukerak identifikatzea eta bide orri bat ezartzea, udal politikek egokitzapen beharrak txerta ditzaten.
Lehen urratsa diagnostikoa egitea izan da, hau da, klima aldaketak pertsonengan, ekonomian eta ingurumenean dituen arriskuak eta inpaktuak zehazten dituena. Aipatu diagnostikoa eztabaida publikoan sostengatzen dela diote, horregatik uste dute “oso garrantzitsua” dela herritarren parte hartzea.
Klimaren Aldaketara Egokitzeko Bermeoko Plana urte amaierarako eginda egotea aurreikusten du udalak.