Ekimenak "harrera oso ona" eduki du bere lehenengo astean; 664 pertsonek bete dute kanpainaren lehenengo lehiaketa.

Bermeoko euskarari “indarra eta prestigioa” emateko helburua daukan Eingule? ekimenaren bigarren lehiaketa martxan da; gaur hasi da eta domekara bitartean (urriak 16) parte hartu daiteke, eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunearen bidez.
Aipatu dutenez, ekimenak “harrera oso ona” eduki du bere lehenengo astean. Izan ere, 664 pertsonek bete dute kanpainaren lehenengo lehiaketa. Lehenengo irabazlearen izena ere badaukate, hain zuzen ere, Mirari Lopezentzat izango da Arroyabe kontserberak emandako produktu sorta.
Aste honetako saria Aintzane loradendaren eskutik izango dela zehaztu dute, flowecube bat. Hala, kanpainaren helburu zabalarekin bat etorriz, tokiko eragileekin elkarlana sustatzen da, kanpainan zehar banatuko diren sari guztien atzetik tokiko merkatari, ostalariak zein negozioak baitaude.
Juan Lebatzen lehenengoa. Eingule? ekimenaren aurkezpenean iragarri zuten Juan Lebatz pertsonaia asmatu dutela lehiaketari testuingurua emateko, eta, hain zuzen ere, gaur zabaldu dute Juan Lebatzi lotuta zabalduko dituzten websailaren lau kapituluetako lehenengoa. Goizetik gauera bere bizimodua aldatu gura duen pertsonaia da Juan Lebatz. Eingule ekimenaren webgunean ikusi daiteke lehenengo kapitulua.
Gogorarazi gura izan dute Eingule? ekimena sare sozialen bidez jarraitzeko aukera ere badagoela. Instagram eta Twitterren @eingule_ profilak jarraitu daitezke, Facebooken, berriz, @euskerasaila.bermeon kontua. Instagramen, gainera, Luma liburu dendan 50 euro gastatzeko txartelaren zozketa abiarazi dute.
Horrez gain, Euskara Sailaren YouTube kontuaren bidez eta WhatsApp bidez bideo guztiak zabalduko dituzte.