Folkloremix musika sorkuntza lehiaketa abiatu dute
Gazteei parte hartzeko deia egin diete, eta urriaren 28ra arteko epea dute horretarako.
18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Folkloremix musika sorkuntza bultzatzen duen lehiaketa abiatu du Asmoz fundazioak. Hala, gazteak gonbidatu dituzte musika elektronikoko pieza bat grabatzera, lehiaketarako beren beregi grabatutako euskal instrumendu tradizionalen sampleak erabiliz; sample horiek Folkloremix webgunean aurki daitezke.
Gazteei parte hartzeko deia egin diete, eta urriaren 28ra arteko epea dute horretarako.
Antolatzaileek jakinarazi dute parte hartzen dutenek gutxienez euren webgunean dauden lau sample erabili beharko dituztela, bakoitzak sortutako musika elektronikoko piezan. Konposizioak minutu eta 30 segundotik 3 minututra arteko iraupena izan dezake, eta MP3 formatuan bidali beharko da webgunean dagoen galdetegia beteta; MP3 hori Drive, Tori edo Wetransfer bidez bidali beharko da, inprimakian bertan esteka zein den adieraziz.
Irabazleak Native Instruments Maschine Micro MK3 bat irabaziko du, “musika elektronikoa sortzeko primerako tresna”.
Epaimahaia musikariez eratuta egongo da. Hain zuzen ere, Unai Manterola musika sortzaileak eta Andoni Ezeiza musikariak baloratuko dituzte bidalitako musika sorkuntzak. Jasotakoen artean, euren originaltasuna, sampleen erabileraren berritasuna eta piezaren egitura aztertuko dituzte; zehaztu dutenez, irizpide guztiek balorazio maila bera izango dute.
Irabazlea azaroaren 21ean jakinaraziko dute Asmoz Fundazioaren sare sozialetan eta lehiaketaren webgunean.