Basoko langile mendatarraren heriotza salatu du gehiengo sindikalak
Basogintza sektorerako lan baldintzak seguruak aldarrikatu dituzte gehiengo sindikala osatzen dutenek: "Baliabideak behar ditugu, eta horiek eskatzen ari gara. Langileen lan baldintzak seguruak izan behar dira".
Mendatako basoko langile bat hil zen martitzen arratsaldean Aulestin, eta lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin du gaur gehiengo sindikalak; ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, Ehnek eta Hiruk deitu dute mobilizazioa. Gernika-Lumoko San Kristobal plazan elkartu dira, Egurmendi aurrean, eta basogintza sektorerako lan baldintzak seguruak aldarrikatu dituzte. “Baliabideak behar ditugu, eta horiek eskatzen ari gara. Langileen lan baldintzak seguruak izan behar dira”, adierazi dute gaur.
60 dira aurten Euskal Herrian hil diren langileak, hiru basogintza sektorean. Hala, sektoreko hilkortasun tasak “marka guztiak gainditzen” dituela salatu dute ELAk eta LABek. Izan ere, langile gutxi dituen sektorea da, baina urtero egoten dira hildakoak sektore honetan; abuztuaren 17an 47 urteko langile bat hil zen Zeanurin, eta ekainaren 14an beste bat Idiazabalen, biak zuhaitz batek harrapatuta. 2021ean, berriz, sektoreko sei langile hil ziren lan istripu baten ondorioz.
Gehiengo sindikaleko ordezkariek elkartasuna adierazi diete hildakoaren familiari, lankideei eta lagunei, eta euren aldarrikapenei eutsi diete. “Urteko 60. lan heriotza da, basogintza sektorean ematen den hirugarrena. Neurriak hartzeko eskatzen ari gara behin berriro, eta ez dira hartzen”, adierazi du Ion Basurko LABeko ordezkariak.
Antzeko lan egoeran hil direla hirurak adierazi du Eneko Agirreaurreta ELAko kideak: “Aurten hiru hil dira sektorean, baina iaz bost hil ziren egoera oso antzekoan. Esan bezela, baliabideak behar ditugu eta eskatzen diegu, bai instituzioei bai enpresei. Ze, hau ez da kasualitatea, baliabide falten ondorio zuzena da”.
Azaldu dute basogintza sektorean dauden lan baldintzak “oso eskasak” direla, mendian bakarka egiten den lana delako, presazko lan egoeratan, eta, horrek guztiak, “egoera jasanezina” sortzen duela diote. “Heriotzak hor daude, baina badaude egoera konpondu behar duten arduradunak; eurak jarri behar dituzte baliabideak”.
Patronalaren ardura dela langileen osasuna bermatzeko “beharrezko baliabideak” jartzea diote sindikatuetako ordezkariek, eta salatu du administrazio publikoak ere ez duela bere eginbeharra betetzen. “Langileen heriotzak ez dira kasualitatea. 60 dira aurtengoak, eta zifra oso altua da. Argi dago baliabide teknikoekin, prebentzioko baliabide gehiagorekin eta ikuskari gehiagorekin lan istripuak saihestuko zirela. Asko jaitsiko genuke zifra hori”, azaldu du ELAko ordezkariak.
Eskualdean, basogintza sektorean, “asko” izan dira lan istripuak, eta salatu dute eskualdeko orografia oso zailetan basoen landaketak egin izanaren ondorioa dela hori: “Basogintzan, hildako lan istripuak oso nabarmenak izaten dira, eta sektoreak hemen duen garrantziagatik sektore honetan gehiago gertatzen dira. Kontutan eduki behar da eskualde honetan baso asko dagoela, eta basoen landaketa orografia oso zailetan egin dela. Gainera, pinuen gaixotasunak sortu duen beladurrak eta diru goseak presazko lanak egitea dakar; segurtasunik gabeko lanak egitera, alegia”.