Errutinak gaina hartutako bikotearen antzezlana
'Zoaz pake santuan' antzezlana taularatuko dute bihar, 20:00etan, Lizeo Antzokian.
Umore beltzez betetako Zoaz pake santuan antzezlana taularatuko dute bihar, 20:00etan, Lizeo Antzokian. Begoña Bilbaoz zuzendariaren lana da, “asperdurarako tarterik uzten ez duena”, eta Mikel Laskurainek eta Ane Gabarainek antzezten dutena.
Bi antzezleek urteak daramatzate eszenatoki gainean, eta ondo ulertzen dute elkar. Txalo konpainiak ekoiztutako obran, berriz, Gabarain Laskurain hiltzen saiatuko da, “egunerokoak eta errutinak gaina hartuta“. Gizona pozoitzea erabaki du, eta ekintza gordintzeko asmoz, egin nahi duen hori aitortuko dio. Baina, jakina, aurreikusitako plana hankaz gora jarri zaio.
“Barre asko egiteko moduko komedia da, etengabeko ustegabeez hornituta dagoena”, dio egileak, eta herritarrei dei egin die bikote barregarri bezain maitagarriaren nondik norakoak ikustera.