Mendatako basoko langile bat hil da lan istripuan, Aulestin
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, basoko makinak harrapatuta hil da langilea, zuhaitzak mozteko lanean zebilela. Beharginaren heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo du gehiengo sindikalak, barikuan, 11:00etan, Egurmendi aurrean, Gernika-Lumoko San Kristobal plazan.
60 urteko mendatako basoko langile bat hil zen atzo arratsaldean Aulestin, lan istripuan. 15:30ak aldera jaso zuen abisua 112 zerbitzuak, eta Osakidetzako medikuak istripua gertatu zen lekura joan ziren, eta bertan baieztatu zuten langilea hil zela. Ertzaintzak zein Osalanek ikerketa zabaldu zuten gertatutakoa argitzeko. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, basoko makinak harrapatuta hil zen, zuhaitzak mozteko lanean zebilela.
Beharginaren heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo du gehiengo sindikalak, barikuan, 11:00etan, Egurmendi aurrean, Gernika-Lumoko San Kristobal plazan.
LABek zehaztu duenez, 60 dira aurten Euskal Herrian hil diren langileak, hirugarrena basogintza sektorean. Ondorioz, sindikatu abertzaleak salatu du basogintza sektoreko lan baldintzak eta lan osasuneko betebeharrak “ez direla betetzen”.
Hain zuzen ere, basogintza sektorearen hilkortasun tasak “marka guztiak gainditzen” dituela salatu dute; izan ere, langile gutxi dituen sektorea izanda, urtero egoten dira hildakoak sektore honetan: “Aurtengo hirugarrena da. Abuztuaren 17an, 47 urteko langile bat hil zen Zeanurin, eta ekainaren 14an, beste bat Idiazabalen, biak zuhaitz batek harrapatuta”. 2021ean, berriz, basogintza sektoreko sei langile hil ziren lan istripuz.
Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuan, basogintza enpresen bideragarritasuna “mugatua” dela azaldu du sindikatu abertzaleak, “nahiz eta eurentzako ad hoc eginiko foru arauak eduki”. Azpimarratu dute basogintza sektorean “lan politika intentsiboak” nagusitzen direla bi lurraldeetan, eta horrek langileen arriskuak areagotzen dituela: “Kontutan izan behar dugu etekin ekonomikoak oso oso murritzak direla, eta, horrek, lan erritmoak eta lan kargak areagotzen dituela, langileen istripu arriskua oraindik eta altuagoa izanez. Lan segurtasuneko baliabideak jarri beharrean, hauetan aurrezten da. Lan talde murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna ez egokiak, malda handiko eremuetan, lan erritmo oso altuak, lanaldi luzeak… horiek guztiek eragiten duten nekea eta beste hainbat arrazoi daude istripuen atzean”.
Patronalaren ardura dela langileen osasuna bermatzeko “beharrezko baliabideak” jartzea dio LABek, eta salatu du administrazio publikoak ere ez duela bere eginbeharra betetzen. “Ez ditu bere betebeharrak aurrera eramaten eta ez du patronala kontrolatzen. Patronalak baliabideak ez baditu ipintzen, hori bermatu behar duen administrazioak kontrol eta jarraipenik egiten ez duelako da. Hori hala izanik, zifra beldurgarri hauetan jarraitzen dugu”, adierazi dute LAB sindikatuko ordezkariek.
Diotenez, ez da lehen aldia Osalani eta Jaurlaritzari basogintza sektorerako “neurri bereziak” eskatzen dizkiotela, eta eskaerak berriro aldarrikatu dituzte: “Osalanek, lan ikuskaritzak eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza, eta behingoz martxan jar daitezen exigitzen diegu. Dena den, denok dakigu, inspektoreek barne, une honetan bertan Euskal Herrian baso sektorean lanean dirauten enpresa gehienak ez direla lan osasuneko betebeharrak betetzen ari, nahiz eta atzo bertan izan azken hildakoa”.