Gautegiz Arteagako zeharbideko sarbideak berrantolatuko dituzte
Ibilgailuen joan-etorriak lasaitzeko asmoz, bi biribigune, espaloi barriak eta sarbide seguruagoak sortzeko "asmo handiko proiektua" jarri du martxan Gautegiz Arteagako Udalak.
Gautegiz Arteagako BI-2238 errepideko sarbideak berrantolatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, ibilgailuen joan-etorria lasaitzeko eta herritarren iriste erraztasuna hobetzeko helburuz. Zeharbidean, bi biribilgune egingo dituzte, baita espaloi zabalagoak eraiki eta udalerriko sarbideak hobetu ere. Gainera, autobus geralekuak egokitzea barne hartzen du aldundiaren proiektuak.
Ia bi milioi euroko inbersioa aurreikusi du lanotarako, 1.976.790,62 eurokoa, hain zuzen ere. Aldundiko Herri Lan Sailak sustatzen du “asmo handiko” proiektua: “Helburua segurtasuna, bideak eta irisgarritasuna hobetzea da, bai oinezkoentzat, bai ibilgailuentzat”.
“Proiektatutakoa da bi biribilgune egitea, ezkerrerako birak kentzea, autobus geltokiak egokitzea eta espaloi gehiago eta zabalagoak lortzea” , azaldu du Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak. Zehaztu du lan hauek plaza birmoldatzeko proiektuarekin bat datozela, “koherentzia eta iriste erraztasuna bultzatzeko asmo beragaz deiseinatuta daudelako, eta bizi kalitatean irabazteko funtsezko pausoak direlako”.
Herri baten bizi kalitaterako, herri kohesioa eta bide segurtasuna faktore garrantzitsuak direla dio alkateak, eta, horregatik, adierazi du foru errepidearen eragozpenei aurre egitea beti izan dela “konponbidea ematen saiatu” diren kezka.
Azpimarratu du udalerriarentzat proiektua “egiturazkoa eta anbizio handikoa” dela, baita “ezinbestekoa” dela foru errepideak eragiten duen “herri zatiketa” leuntzeko ere. “Landa udalerri honetan lasaitasuna baloratzen da, eta ziurtzat jotzen da. Hala ere, abiadura handiko ibilgailuen etengabeko joan-etorriak eta hondartzetako karabanek, segurtasun falta fisikoa, ondoeza eta kezka handia eragin dute udan. Obrak amaitzerakoan, ziur nago udalerriaz askoz gehiago gozatuko dugula; izan ere, zeharbidea ez da izango udalerriaren bi aldeen arteko amildegi eta hesi kezkagarria”, azaldu du Naberanek.
Bi biribilgune.
BI-2238 errepidean, beraz, saribideak berrantolatzeko eta ibilgailuen joan-etorria lasaitzeko lanen esparruan, hainbat jarduketa aurreikusi dituzte: bi biribilgune egitea, esaterako.
Lehenengoa Ponpone kalearen eta Urdaibai Bird Centerreko sarbidearen elkargunean egongo da. Biribilguneak lau irteera izango ditu, eta horietako bi errepidearen ohiko jarraipena izango dira. Beste biek udalerriko beste elkargune batzuetara joateko balioko dute, eta zirkulazioa murriztea dute helburu; izan ere, zeharbidearekiko paraleloak diren kaleetara segurtasunez heltzeko aukera eskainiko dute. Zehaztu dutenez, biribilgunearen ezkerrean, behin-behineko sarbide bat eraikiko da hegaztien zentrora joateko eta inguruko etxeetara heltzeko.
Bigarren biribilgunea, berriz, BI-2238 errepideak BI-3234 errepidearekin bat egiten duen lekuan kokatuko dute, herrigunetik kanpo, etxebizitza sakanatuak dauden eremu batean: “Istripu arrisku handiena daukan puntuetako bat da. Herri sarreran, Ibarrangelutik datozen ibilgailuak baretzeaz gain, biribilgunearen helburua trafikoa antolatzea izango da, BI-3223 errepidearekiko bidegurutzeko ezkerrerako biraketak saihestuz”.
Semaforoak berriz programatzea izango da ibilgailuen joan-etorria baretzeko beste jardueretako bat. Horren helburua da ibilgailuak 50 kilometro ordutik beherako abiaduran ibiltzea zeharbidean, abiadura hori gaindituz gero semaforoak gorriz jarriko baitira.
Bestalde, BI-2238 errepidearen ondoko herriko sarbideetan, biraketa maniobren segurtasuna hobetuko da. Horretarako, ikuspen nahikorik ez duten sarbideak zarratuko dira, eta segurtasun handiagoko beste sarbide batzuk bermatuko dituzte. “Apur bat atzera eramango dira errepidearen aldameneko zenbait itxitura, sarbide horietan biratzen duten ibilgailuek ikuspen hobea izateko”, azaldu dute.
Espaloi zabalagoak.
Proiektuaren beste jarduketa nabarmenetako bat espaloien zabalera hobetzea da, “oinezkoentzako ibilbide segurua sortzeko”. Baina azaldu dute zati gehienetan etxebizitzak errepideari “oso itsatsita” daudela, eta kasu askotan ezin dela espaloiko bi metroko gutxieneko zabalera bermatu: “Hori ezkerraldean gertatzen da, beraz, eskuineko ertzean bakarrik jardungo da”. Horretarako, eskumaldeko itxitura batzuk atzera eramago dituzte, bi metroko zabalerara ailegatu arte, eraikinen aurrealderaino, alegia. Tartea dagoen lekuetan, berriz, lau metroko zabalera lortu arte eroango dute atzera eremua. “Horrela, eskumako ertzeko espaloi gehienean bi metroko zabalera lortuko da, etxebizitzek eragindako estuguneetan izan ezik”, azaldu dute.
Zeharbidearen hasieran, ezkerraldean eta lehen biribilgunearen inguruan, gaur egun etxebizitzekiko lotura gabeko tarte txikiak dauden lekuan, bi metroko espaloi jarraitua proiektatuko dute. Esan dutenez, espaloi berri horri esker, hasieran sakanabatuta dauden etxebizitzak herriguneagaz lotuko dira.
Autobusen geraleku berriak.
BI-2238 errepidean, halaber, autobus geltoki egokiak eraikiko dituztela jakinarazi dute, autobusak galtzadatik kanpo eta segurtasun osoz gelditu ahal izateko, “ibilgailuen joan-etorria oztopatu barik”. Geralekuek zabalera nahiko izango dutela ziurtatu dute, bidaiariak segurtasunez itxaron ahal izateko.
“Kasu batzuetan, beharrezkoa izango da dauden geralekuak leku nahikoa dauden guneetara apurbat mugitzea. Horrela, tartearen hasierako eskuinaldeko geralekua 50 metro mugituko da, eta udaletxearen ondokoa, berriz, 30 metro inguru, Herriko plazako aparkalekura ailegatu arte”, azaldu dute. Gehitu dute, herrigunearen amaieran, ezkerraldean dagoen aparkalekua 100 metro mugituko dutela badia bat ezarri ahal izateko, baina gune bereko eskuinaldeko geralekua bere lekuan mantenduko dute. Badiarik izango ez duen geltoki bakarra egongo da udalerrian: zelaieta kalerako sarbidetik gertuen dagoena; hala ere, horren inguruan etxebizitzak eta aterpea daudela adierazi dute udal arduradunek.