Berba-Truke programa jarriko dute martxan berriro
Beste behin, etorkinei zein herritarrei zuzendutako Berba-Truke programa abiarazi du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Euskaraz edo gaztelaniaz berba egiteko maila duten ikasle atzerritarrak hizkuntza horiek menperatzen dituzten pertsonekin harremanetan jartzea da Berba-Trukeren helburua; horretarako, bikote linguistikoak sortu eta berbetan aritzeko aukera eskaintzen du. Gainera, Busturialdean bizi diren hainbat jatorritako auzokideen arteko bizikidetza eta elkar ezagutza sustatzea ere indartu gura du programak.
Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak zehaztu duenez, eskualdean bizi diren 18 urtetik gorako herritar atzerritarrei zuzendutako programa da, eta parte hartu gura dutenek euskaraz edo gaztelaniaz oinarrizko elkarrizketa bat mantentzeko gai izan behar dira.
Izena emateko Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuagaz jarri beharko da harremanetan, 94 465 33 23 telefono zenbakira deituta edota hurrengo helbide elektronikora idatzita: immigrazioa@busturialdea.eus. Izena emateko Industria kaleko 7. zenbakian dagoen bulegora bertaratu daitekeela adierazi dute, 09:00etatik 15:30era bitarteko ordutegian.
Immigrazio zerbitzuko arduradunek programan parte hartzeko interesa dutenak elkarrizketatuko dituzte, eta jasotako informazioagaz eurek osatuko dituzte bikoteak, libre dituzten egunak eta orduak kontuan hartuta.