Pablo Gonzalezen askatasuna eskatzen duen adierazpen instituzionala onartu du Bermeoko Udalak
Bermeoko EH Bilduk aurkeztu duen adierazpen instituzionala aho batez onartu dute azken osoko bilkuran. Gernika-Lumo, Nabarniz eta Elantxobeko udalek ere onartu dute.
Bermeoko Udalak Pablo Gonzalez kazetariaren egoera salatzen duen eta haren berehalako askatasuna exijitzen duen adierazpen instituzionala onartu zuen joan dan barikuan egindako osoko bilkuran. EH Bilduk aurkeztutako adierazpena aho batez onartu zuten.
Poloniako zerbitzu sekretuek Pablo Gonzalez Yagile kazetari elantxobetarra atxilotu zutenetik 200 egun baino gehiago igaro dira, eta prebentziozko espetxealdian dago Gonzalez, “atzerriko indar batentzat espioitza lanak egitea egotzita”. Isolamenduan dago Rzeszoweko espetxean, eta dagoeneko Pryemylgo auzitegiak bi aldiz luzatu du kazetariaren behin-behineko espetxealdia; azkena datorren urriaren amaierara arte.
Espioitza salatzeaz gain, adierazpenean esaten duten moduan, ez dira ezagutzera eman baieztapenari eusteko frogak, ezta zigorra behin eta berriz luzatzeko arrazoiak ere. Ondorioz, Polonia “giza eskubideen” aurkako jarrera bat izaten ari dela jaso dute adierazpenean: “Giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketa horren aurrean, herrietan subiranotasuna eta bakea defendatzen dugunok, demokrazia, justizia eta prentsa askatasuna ere defendatu behar ditugu”. Horregatik guztiagatik, Bermeoko Udalak berretsi eta bere egin du Eusko Legebiltzarrak 2022ko maiatzaren 26an egindako adierazpena.
Dokumentuaren bidez, Bermeoko Udalak behin-behineko espetxealdia neurriz kanpo erabiltzearen ondorioz kazetaria jasaten ari den egoerareriko kezka agertu du; izan ere, adierazpenean jasotzen dute Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 47. artikuluan ezarritakoa “urratzen” duela Poloniak.
Halaber, dokumentuagaz, udalak bere desadostasuna adierazi zuen Poloniako auzitegiaren erabakiagaz, eta Poloniako agintarien aurrean aldarrikatzen dute Gonzalezen eskubideak errespetatzeko, eta “prozesu honetan jasandako eskubide urraketei” amaiera emango dien prozedura bat baliatzeko.
Gonzalezen atxiloketa eta espetxeratzea prentsa eta informazio askatasunarentzat albiste txarra dela adierazten du udalak, eta hori “oinarrizko bermeetako bat da gizarte aske eta demokratikoetan”. Horregatik guztiagatik, Bermeoko Udalak “bidegabekeria krudel hori amaitzeko eta Gonzalez berehala aske uzteko” eskatu du.
Gonzalezen askatasuna eskatzen duen adierazpen instituzionala eman zion Gernika-Lumoko EH Bilduk Poloniako enbaxadoreari, duela bi aste.