Mendatarrek 80. hamarkada jauzia egin dute
Mendatako bizilagunek 80. hamarkadako tematikagaz mozorrotuta egin dute Elexaldetik Mendaturira bidea, sanmigelen egitarauaren barruan. Herritar ugari elkartu da, eta giro bikaina egon da egun osoan zehar.
Mendatarrak bete-betean sartuta daude San Migel jaietako ospakizunetan, eta. gaur, Egun Mundiala izenekoa ospatzen dabiltza. Goizetik gauera bitartean, herritarrek nahiz bertaratzen direnek egitarau osatuaz gozatu dute, eta gozatzen jarraitzeko aukera paregabea edukiko dute gauean ere. Eguna 11:30ean hasi dute, Elexalden. Tradizioari jarraiki, herritarrak mozorrotuta bertaratu dira, photocalla egiteko.
Mozorroek, gainera, tematika jakin bat eduki dute: 80. hamarkada. Horrenbestez, bizilagun denak tarte historiko horretako pertsonaien, musikarien, aktoreen edota tribu urbanoen mozorroz agertu dira. Kuadrillak, familiak, bikoteak… denetarik egon da photocallean, jaietako oroigarri gisa argazki bat ateratzen
Jarraian ipini dute abian goizeko egitasmo nagusia: Elexaldetik Mendaturi auzunera ibilbidea. Lehenengo, baina, zenbait herritarrek zuzeneko ikuskizuna egin dute Elexaldeko irteeran: VHS eta Manzinger Z Street Band taldeek hurreratutako guztiak barrezka eta irribarretsu utzi dituzte. Ondoren, Mendaturirako bideari ekin diote, musika lagun eta guztiak jai giroan. Kilometro erdia inguruko tartean, anoa postua ere eduki dute, denek mokadu bat jan zezaten. Gune horretan ere bandako musikariek giro ederra sortu dute, eta mendatarrak dantza, kantu eta irrintzitan bildu dira.
Eguerdian, herri bazkaria egin dute herriko pilotalekuan, eta arratsaldean adin guztiei egokituriko programazioa edukio dute: zuzeneko musika, zezen mekanikoa, 80. hamarkada oinarri hartutako ikuskizun komiko-transformista edota su artifizialak. Mendatako jaiek, gainera, bihar ere jarraitu egingo dute; besteak beste, pilota partiduak, pintxo jana, DJ Alex-en emanaldia eta txokolate eta txurro jana egongo dira. Hurrengo asteburuan, ostera, Zarrabenta auzoko jaiak ospatuko dituzte.