Argi kutsadurak hegaztiengan duen eraginaz ohartarazteko eguna
Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna ospatuko dute bihar, Urdaibai Bird Centerren. Sarrera doakoa izango da, eta paduretan dauden arrano arrantzaleez eta mokozabalez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna ospatuko dute bihar, Gautegiz Arteagako Bird Centerren, eta, eguna aprobetxatu gura dute argi kutsadurak hegaztiengan duen eraginaz kontzientziatzeko.
Jakinarazi dutenez, argi artifizialaren kontsumoa % 2 handitzen da urtero, eta horrek hegazti espezie askorengan eragin “negatiboa” duela adierazi dute. “Argi kutsaduraren ondorioz, hegazti migratzaileak desorientatu egin daitezke gauez hegan egiten dutenean, eta eraikinekin talka egin dezakete”, azaldu dute. Argi artifizialak euren erloju biologikoetan ere eragina izan dezakeela diote: “Gainera, distantzia luzeko migrazioak egiteko gaitasuna murriztu egin daiteke argi kutsaduraren ondorioz”.
Arazo horiei aurre egiteko eta hegazti migratzaileei laguntzeko asmoz, euren errealitatearen berri ematea “garrantzitsua” dela azpimarratu dute hegaztien zentroko arduradunek.
Hala, Bird Centerrerako sarrera doakoa izango da zapatuan, 11:00etatik 19:00etara bitartean. Handik, Urdaibaiko paduretara bertaratu diren arrano arrantzaleak ikusi ahalko dituzte bisitariek: “Hemen dugu gure bihotzetatik bereziki gertu dagoen bat, Muxar, Urdaibain negua igarotzen duen arrano arrantzalea. Gozamena da arrantzan, apaintzen edo urmaeleko zuhaitz batean lo egiten ikustea”.
Era berean, paradisu horretan atseden hartzen ari diren mokozabal talde handiak behatu daitezkeela diote. Esan dutenez, hegazti harrigarri horiek Mauritania bezalako herrialdeetaraino joateko bidean daude. Urdaibai Bird Centerrekoak Herbehereetako eta Frantziako ikerlari taldeekin elkarlanean ari dira horiek ikertzen.
“Zentroa ixten denean, naturaz gozatzen jarrai daiteke. Urdaibaiko padurako iluntasunak ere badu bere xarma. Gauean, kamara eskuetan, basa bizitzaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek, eta zuzenean ikusi ahalko dituzte mokozabalak ilunpetan elikatzen, basurdeak padura zeharkatzen eta saguzarrak zeruan jirabiraka”, adierazi dute.